(argazkia: Elkar Fundazioa)

Bertsozale eta Lotura Films ekoiztetxearentzat aurtengo Elkar sariak

Pandemiaren eraginez iaz ekitaldirik ezin izan zutenez egin, atzoko ekitaldia iazko saria emateko ere profitatu dute. Seaska-ko Erik Etxartek jaso du Jon Jaka eta Joxemari Sorsek emandako garaikurra.

Elkar sarien laugarren sari banaketa ekitaldia egin zuen atzo Elkar Fundazioak, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean.

Ibilbideari Elkar sariaren irabazlea Bertsozale Elkartea izan da aurten, eta Lotura film ekoiztetxearen Lur eta Amets filmak Proiektuari Elkar saria jaso du.

Lehen sari honetarako euskal kulturaren arloan egindako ekarpena hartu da kontuan, eta Elkar Fundazioaren arabera, “agerikoa da Bertsozale Elkarteak urteetan egindako lana eta ekarpena”. Jon Jakak eta Joxemari Sorsek, Fundazioko idazkariak eta lehendakariak, urrenez urren, eman diete saria Bertsozale Elkarteko ordezkariei. Beñat Gaztelumendik hartu du hitza elkartearen izenean. “Itxura batean bazterreko izatera bideratuta zegoen bertsoari lekua egitea lortu du Bertsozale Elkarteak, lekua egitea eta ikusgarritasuna ematea. Bertsoa gaur egungo euskal gizartean, euskaldunen artean, ezaguna eta jarraitua den kultur adierazpena da, eta hori urte luzeetan ondo egindako lanaren emaitza izan da”.

Proiektuari Elkar Sariari dagokionez, Miren Berasategik jaso du aitortza Lotura films ekoiztetxearen izenean, Fundazioko Marijose Irizarren eskutik. 2020an estreinatu zen Lur eta Amets film animatua, eta haren atzetik etorri zen haurrentzako telesaila. Elkarlanean egindako ekimena izan zen, Lotura films gidari, Ikastolen elkarteak, Katxiporretak eta Ekarrek berak elkarlanean garatutako proiektua. Euskal Herriko beste hainbat eragileren laguntzarekin.

Elkar Fundazioak badaki Lotura films ekoiztetxeak  interesa duela Lur eta Ametsen ekimenari jarraipena emateko, eta erabaki dute aurtengo Proiektuari 10.000 euroko saria berari ematea, hurrengo proiektua lantzen has dadin.

Bestalde, pandemiaren eraginez iaz ekitaldirik ezin izan zutenez egin, atzoko ekitaldia iazko saria emateko ere profitatu dute. Seaska-ko Erik Etxartek jaso du Jon Jaka eta Joxemari Sorsek emandako garaikurra

Zabaldu: