‘Betaurreko Moreekin’ zikloa abiatuko da bihar, Donostiako San Telmo Museoan

Zikloaren helburua da ikuspegi feministatik aztertzea gizonen ikuspegiz erakutsi ohi diren alorrak, hala nola, zinema, historia, bidaiak eta artea; Pilar Aguilar Carrasco, Ana Lopez Navajas, Pilar Rubio Remiro eta Marian Lopez Cao izango dira hizlariak.

San Telmo Museoak Clasicas y Modernas elkartearen laguntzarekin, Betaurreko Moreekin zikloa abiatuko du bihar, irailak 7. Laura Freixasek zuzendutako zikloaren helburua ondareari buruzko irakurketa eta diskurtsoak begirada feministatik aztertzea izango da, batez ere, gizonen ikuspegitik erakutsi ohi direnak; emakumeen esperientziak, bizipenak eta ezagutzak baztertuz eta ikusezintasunera eramanez, jakintza eta diziplina ezberdinetan zeresan handia duten emakumeen ikuspegia azaleratzea.

“Betaurreko moreak jantzi eta mundua beste era batera begiratzeak ikuspegi justuagoa, errealistagoa eta, beraz, inklusiboagoa eskainiko digu”, azaldu dute antolatzaileek.

Hala, lau saiotan, Pilar Aguilar Carrasco, Ana Lopez Navajas, Pilar Rubio Remiro eta Marian Lopez Cao adituek betaurreko moreekin aztertuko dituzte zinema, historia eta bidaiak (Bidaiarik luzeena. Lehen mundu bira erakusketarekin lotuta), eta artea (azaroan zabalduko den Baginen, bagara erakusketaren harira).

Freixasen arabera, “larrialdi politikoko ageriko arrazoiak direla eta, agenda feministak emakumeei zuzenean eragiten dieten gaietan jarri du arreta, hala nola genero-indarkerian, sexu-jazarpenean, soldata-arrakalean, jaiotza-tasaren kontrolean edo etxeko lanetan eta zaintza-lanetan. Hala ere, ikuspegi zabalago batek haratago joan beharko luke eta munduaren ikuspegi androzentrikoa zalantzan jarri, giza esperientziaren eta jakintzaren esparru guztietara begirada berri bat ekarriz, genero-ikuspegiarekin, Betaurreko moreak izenez ezagutzen dena. Izan ere, Georg Simmelek duela mende bat baino gehiago idatzi zuen bezala, eskakizun artistikoak eta abertzaletasuna, kosmopolitismoa, moral orokorra eta ideia sozialak, judizio praktikoaren baliozkotasuna eta ezagutza teorikoaren objektibotasuna, bizitzaren indarra eta sakontasuna; kategoria horiek guztiak beren forma eta helburuengatik unibertsalki gizatiarrak dira, baina beren errealizazio historikoan, maskulino hutsak (“Erlatiboa eta absolutua sexuen arazoan”, 1911, Cultura femenina y otros ensayos). Ziklo honen helburua da, hain zuzen ere, zinemak, bidaiek, historiak edo artearen alorrek maskulinotik eta humanotik dutena mugatzea”.

Egitaraua

Hitzaldiak 19:00etan izango dira eta sarrera doakoa izango da. Hitzaldietarako sarrerak aldez aurretik eskuratu beharko dira webgunearen bidez. Saioak museoaren webgunean ere jarraitu ahal izango dira.

Zabaldu: