Xabi Solanok eta Jon Garmendiak bost emanaldi eskainiko dituzte antzoki eta areto txikietan, lehena Hernanin bertan izango da, urriaren 23an. Handik Getxora egingo dute salto azaroaren 7an, Bilbora azaroaren 18an, Atharratzera 22an eta Gasteizera 30ean.
Xabi Solano musikariak eta Jon Garmendia Txuria idazleak duela 30 urte ezagutu zuten elkar Hernanin. Orduz geroztik, bi lagunen arteko harreman polita sortzeaz gain, 250 kantutik gorako bilduma osatu dute Etzakit, The Solanos, 4 itzal eta Esne Beltza taldeekin, eta hainbat ikuskizunetan ere bakarka aritu dira. Orain, beste pausu bat eman nahi izan dute eta ikuskizun berezi batekin datoz: Bidasoatik Harago. Honetan, Txuriak idatzitako ipuin labur eta poemei musika jarriko die Solanok trikitia eta gitarrarekin lagunduta, “kantuekin apaindutako ikuskizun bat da Bidasoatik Harago”, aurreratu dute.
Eskaintza xume eta intimo bat dela diote, “zentzuak eta emozioak esnatzeko gonbidapena, herriaz, kulturaz, historiaz, desirez, ametsez eta maitasunez hitz egiten duen eskaintza, ordu eta laurdeneko bidean ikus-entzuleari momentu goxo bat pasarazteko nahikeria”.
Hegoaldetik iparraldera eta iparraldetik hegoaldera Bidasoa ibaian barrena, “hitzekin eta musikarekin jolasean arituz entretenimendu aberasgarri bat” izango da ikuskizun berria.
Oraingoz, bost emanaldi eskainiko dituzte antzoki eta areto txikietan, lehena Hernanin bertan izango da urriaren 23an. Handik Getxora egingo dute salto azaroaren 7an, Bilbora azaroaren 18an, Atharratzera 22an eta Gasteizera hilaren 30ean.
Kartela
Ikuskizunaren kartela ontzeko Ainara Azpiazu Axpi eta Maitane Gartziandia, diseinu grafikoaren eta ilustrazioaren arloan lan handia egin duten sortzaileak, elkartu dituzte. Axpi ilustrazioaz arduratu da eta Gartziandia diseinuaz. “Biek ala biek estilo pertsonala eta originala dute, euskal kulturarekin, eta gaurkotasunarekin lotura estua. Diseinuaren eta ilustrazioaren bidez euren ikuspegi pertsonala zabaltzen dute, komunitateari lotuta daude, eta artea tresna zabaltzaile bezala erabiltzen dute”.
Azpiazuk azaldu duenez, “afixan izokin bat agertzen da, Bidasoatik Urumeara salto egiten duena, bi arro hauetan garrantzi handia duen izaki bat izanik sinbologia aproposa duelako. Oso maitea dut, berezia da niretzat, euskal kulturaren iturburu. Irudian, jaiotetxera itzultzen da izokina, kantu hauen letren atzean dauden artistak bezala”.