Bidasoko Euskara eta Kulturaren azokarako proiektuak aurkezteko epea zabalik da

Azokak euskararen erabileran eta transmisioan eragiten duten arlo desberdinetako proiektuen erakusleihoa izatea du asmo. Proiektuak aurkezteko epea apirilaren 14ra arte egongo da zabalik.

Maiatzaren 6an, Euskaltzaleen Topaguneak Bidasoko Euskara eta Kulturaren azoka ekimena antolatuko du. Beran. Euskararen erabilera eta sustapena helburu duten proiektuen azoka izango da. “Ohiko azoken izaera izango du: postuak, musika, lagunarteko giroa… baina protagonistak nekazal produktuak izan beharrean, euskara sustatu, bultzatu, zabaldu eta hedatzen duten egitasmoak izango dira”, azaldu du Euskaltzaleon Topaguneak.

Bidasoko azokak helburu bikoitza izango du: alde batetik, Euskal Herriko txoko guztietako eragileek elkarrengandik ikasteko abagunea izatea; eta beste alde batetik, lurralde osoan zehar euskararen sustapenean lan egiten duten talde eta elkarteei elkar ezagutzeko eta elkarrekin harremanetan jartzeko espazio egokia eskaintzea.

Nabarmendu dutenez, “elkartrukearen logikak hartuko du indarra azokan: proiektu aurkezleek egitasmoak sozializatu eta zabaltzeko plaza ezin hobea izango dute. Azokan txoko bat izatea eskatzen dutenei egitasmoen berri emateko hainbat baliabide eskainiko  dizkiegu, baita aurkezpen dinamikoak egiteko bitartekoak ere”.

Azokara bertaratzen direnek, berriz, “emaitza eta eragin positiboak” izan dituzten egitasmoen xehetasunak ezagutu ahal izango dituzte. “Bakoitzak bere herrira egingarriak diren ideia sorta eramateko ere balioko du. Hala, azoka inspirazio iturri eta ekintzarako pizgarri izango delakoan gaude”, gaineratu dute antolatzaileek.

Azokak eskaintzen duen testuingurua probestu nahi duten talde eta elkarteek eskaera egin ahal izango dute jada topagunea.eus webgunearen bidez. Proiektuak aurkezteko azken eguna apirilaren 14a izango da. “Euskara lehen planoan duten izaera eta izate ezberdineko egitasmoak bildu nahi ditugu; interes kolektiboa dutenak, han eta hemen egingarriak izan daitezkeenak eta, ahal den heinean, berritzaileak”, azpimarratu dute.

Informazio gehigarria: https://topagunea.eus/proiektu-azoka-2023/

Zabaldu: