‘Bidegileak’ bildumaren azken lau aleak kaleratu dituzte

Joxe Arratibel Zurutuza, Miren Jone Azurza Aristegieta, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Xole Erbili Arbilla dira Bidegileak sortako protagonista berriak. Argitalpen berri hauekin 33 urte bete dituen proiektu honi amaiera eman nahi diote.

Bidegileak bildumaren azken lau aleak aurkeztu dituzte gaur, Donostiako Tabakaleran. Liburuxka berri hauekin, 33 urte bete dituen proiektu honi amaiera eman nahi dio Eusko Jaurlaritzak. Ekimen honen helburua urte hauetan guztietan euskalgintzan aitzindari izan diren pertsona eta taldeen pentsaera, bizitza eta lana ezagutzera ematea izan da. Honakoak dira azken lau aleetako protagonistak: Joxe Arratibel Zurutuza, Miren Jone Azurza Aristegieta, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Xole Erbili Arbilla. Proiektua 1987an abian jarri zenetik, denetara 272 euskaltzale eta talderen ibilbideak ezagutarazi dira ekimen honen bitartez.

Estibaliz Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendariak aurkeztu du bilduma honen lau ale berriak, Elixabete Garmendia, Miren Jone Azurzaren inguruko liburuxkaren egilea; Jose Luis Txipi Ormaetxea, Jose Luis Alvarez Enparantzaren inguruko liburuxkaren egilea; eta Alberto Barandiaran, Xole Erbitiren inguruko alea egin duenarekin batera.

Alkortak Bidegileak proiektuaren ekarpena nabarmendu du: “Ezin dugu ahantzi nondik gatozen, ezta nor garen ere. Eta horretarako tresna ezin hobea da Bidegileak bilduma. Belaunaldi berriek horren bidez aukera izan dute euskararen bilakaeraren berri izateko. Gaur egun normaltzat eta betikotzat jotzen dugun euskara batua eta euskararen erabilera hezkuntzan, hedabideetan, administrazioan eta gizarteko esparru desberdinetan (aisialdia, ingurune digitala..) herri-erakundeek eta euskalgintzak 30 urteotan euskara biziberritzeko asmoz bultzatu duten hizkuntza-politikaren emaitza da. Hori sakontzen eta areagotzen jarraitu beharko dugu”.

Aurreko liburuxka guztiak bezala, azken lan hauek lau aletako sorta batean argitaratu dira. Liburuxkak aspaldi burutu baziren ere, urte hasieran inprimatu ziren. 2.300 ale editatu dira eta, horrekin batera, aurreko liburuxka guztiak bezala, webgune honetan jarri ditu eskuragarri. Bertan kontsulta daiteke Bidegileak-en ibilbidean zehar landu den euskaltzaleen zerrenda.

Zabaldu: