“Bidente eszenikoak bilakatu gaitezen”

Gasteizko Baratza aretoak eta EHAZE-Antzerkizale elkarteak Bidenteak gara liburu kolektiboa ondu dute elkarlanean, hainbat antzerkigile eta kolektibok idatzitako gogoetekin. Honetan, antzerkigintzak bizi duen egoera islatu nahi izan dute.

Bidenteak gara liburuaren ernamuina iazko itxialdian sortu zen, Gasteizko Zurrunbilo euskarazko arte eszenikoen jaialdia bertan behera geratu zenean. Ohiko moduan, euskarazko dramaturgia berriei erakusleihoa eskaintzeaz gain, gogoeta gune zabala izatea zuen xede jaialdiak. Baratza aretoko kideek Zurrunbiloko topaldia egiteko ahalegina egin zuten orduan, eta jende ugari bildu zen pantailaren aurrean gogoeta egiteko asmoz. Baratzakoek azaldu dutenez, “modu telematikoan asanbladak egitea eta gogoetak partekatzea ez da batere erraza, eta topaldia sinbolikoa izan zen batez ere”. Euren arabera, baina, garrantzitsuena eginda zegoen: “saretze baten hastapena, dramaturgia berriei sektore eszenikoaren errealitatea erakustea, egun euskaraz Euskal Herrian lan egiteak dakarren problematika ikusaraztearekin batera”.

Hari horretatik tiraka, Baratza aretoko kideek, EHAZErekin elkarlanean, topaldi digitalean parte hartu zutenak iritzi artikulu bat idaztera gonbidatu zituzten, “modu libre eta sortzailean, pauta bakarra jarrita: imajinatu gure egoera epe laburrera, bidente eszenikoak bilakatu gaitezen”.

Ekimenak emaitza ona izan zuen eta hainbat iritzi, analisi, testu kreatibo, pertsonal eta manifestu kolektibo jaso zituzten. Hala, testu guzti horiek liburu batean biltzea erabaki zuten, Bidenteak gara izenburupean.

Ondorengo antzerkigile eta kolektiboen gogoetak jaso dituzte liburuan: Patricia Urrutia, Amaia Irazabal, Iñaki Ziarrusta, Itziar Rekalde, Ane Gebara, Gontzal Uribe, Marina Suarez, Horman Poster kolektiboa, Telmo Irureta eta Maite Aizpurua, Eneritz Artetxe, Josune Velez de Mendizabal, Formol Laborategia eta Oier Guillan. Hitzaurrea Arantzazu Fernandez Iglesiasek idatzi du.

Liburua osorik deskargatu daiteke hemen: http://ehaze.liburuak.eus/bidenteak

Zabaldu: