Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea bultzatzea da zinemaldi honen helburua, baita herritartasun aktibo bat sustatzen laguntzea ere, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitua.
Massoud Bakhshik zuzendutako Yalda, la noche del perdón (2019) filmarekin emango diote hasiera Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldiari, datorren apirilaren 23an, Victoria Eugenia antzokian, eta Éric Barbierrek zuzendutako Petit pays (2020) filmarekin amaituko da apirilaren 30ean. Donostiako antzokian egingo den amaiera ekitaldian zinemaldiaren sari berezia jasoko dute Montxo Armendariz zuzendariak eta Puy Oria ekoizleak.
Aurten, Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenia Antzokian izango dira filmen emanaldiak, eta bi saio berezi egingo dira Tabakaleran eta Kresala Zineklubean (Trueba Zinemak). Gainera, zinemaldiarekin bat eginez, bost erakusketa antolatu dira. Denetara 19 herrialdetako 36 film (22 film luze eta 14 labur) proiektatuko dira.
Zinemaldiaren barruan, bestalde, Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen hirugarren azoka egingo da, eta GGKEen Koordinakundeak, zinemaldiarekin lankidetzan, BegiraTÚ giza eskubideei buruzko online jokoa antolatu du.
Egitaraua solasaldiekin osatuko da eta hauetan filmen protagonistek, zinemagileek eta hizpide diren gai sozialetan adituek parte hartuko dute.
Aurten, ikastetxeetarako proiekzioak ikasgeletan egingo dira eta hiru film ikusi ahal izango dira online.
Antolatzaileen arabera, “giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea bultzatzea da zinemaldi honen helburua, baita herritartasun aktibo bat sustatzen laguntzea ere, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitua”.
Sarrerak (4,50 €) datorren astelehenean, apirilak 19, jarriko dira salgai 11:30etik aurrera, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan, eta Internet bidez. Doako emanaldietarako gonbidapenak egun berean, apirilak 19, jarriko dira publikoaren eskura bi antzokietako leihatiletan.