(argazkia: Elkar)

[BIDEOA] 90eko hamarkadan gazte izan zen belaunaldiaren bizipenak bildu ditu Mikel Sotok

Idazleak kontzientzia politikoa iratzartzea, borroka-urteak, atxilotze, tortura eta kartzelaren esperientziak kontatu ditu Suak pizten direnean izeneko poema liburu berrian.

Hamahiru urtez Txalaparta argitaletxean editore lanetan aritu ondoren, bere lehen sorkuntza-lana kaleratu du Mikel Sotok (Iruñea, 1978) Suak pizten direnean (Elkar) izenpean. Kontzientzia politikoa iratzartzea, borroka-urteak, atxilotze, tortura eta kartzelaren esperientziak kontatu ditu poema liburu berrian.

Lan honen jatorrian konfiantza istorio bat dagoela azaldu du Sotok, “Asier Serranok galdetu zidan, duela urte eta erdi-edo, ea egingo nituen Mikel Gorosabel Norton-en kanta batentzako letrak”. Horretarako baldintza bakarra jarri zion Serranok: gaia beldurra izatea. Sotok aurretik libururik idatzi ez badu ere, eseri eta idazteari ekin zion. Izan ere, beldurrari buruz badaki zerbait, “nerabezarotik, eta hainbat urtez beldur konstante eta nahiko latz bat bizi izan dut”, kontatu du. Sotok idatzitako letra horrekin Norton-ek Ohean infernura begira kantua sortu zuen eta Barne basoan barna diskoarekin kaleratu zuen.

Serranoren enkargu horrek orri zuriaren aurrean jarri zuen Soto eta gaia beldurra izateak bere baitan hainbat mekanismo martxan jarri zituen. “Nire belaunaldi politikoa dei genezakena, 90. hamarkadakoa, nahiko agrafoa izan da eta hainbat bizipen, esperientzia eta gertakizun kontatu gabe gelditu dira. Jon Benitoren Bulkada eta Xabier Silveiraren A las ocho en el Bule-z gain, ezer gutxi dagoela aipatu du idazleak eta irakurle eta editore gisa hutsune hori bete behar zuela ikusi zuen. “Poesia maite dut, poesia asko irakurri dut, poetak eta poemak gustatzen zaizkit eta badakit zer den poesia. Zerbait trinkoa egiteko gai izango nintzela pentsatu nuen”. Horrez gain, egileak egoera politiko berriak zintzotasun berri batez hitz egitea ahalbidetzen zuela ikusi zuen.

90eko hamarkada

Sotorentzat 90. hamarkada oso latza izan zen. “Iruñean, Chinchilla kaleko komisaldegiko leihoetatik zintzilikatu egiten zituzten 16 eta 17 urteko gazteak, adin txikikoak, nire liburua zutik jartzen duen gizona 17 urterekin zintzilik egon zen laugarren pisu batetik. Su errealarekin egiten zuten tiro, batzuetan airera eta besteetan ez. Ni tirokatua izan naiz, beste hainbat gazte bezala”, azpimarratu du. Beraz, eskafandra hartu eta garai latz haietara bidaiatu du idazleak. Bidaia horretan gorpuztu du orain eskuartean dugun liburu hau, eta era berean, idazketaren plazerarekin topo egiteko aukera izan du.

Zabaldu: