(argazkia: U.G. Kultur Sharea)

[BIDEOA] Alaine Agirrek ‘Ane’, Txandaka bildumaren laugarren eleberria aurkeztu du

Independizatzeari buruzko istorio bat dakar Bermeoko idazleak Erein argitaletxearen eskutik.

Maren, Libe eta Oier-en ostean dator Ane, Txandaka bildumaren barruan Alaine Agirrek (Bermeo, 1990) idatzitako laugarren atala. “Liburu bakoitzean pertsonaia bati txanda pasatzen diogu”, azaldu du idazleak eta oraingoan Ane bihurtu du gaztetxoei zuzendutako nobela honetako protagonista.

Anek 18 urte bete ditu eta unibertsitatean hasi da, “baina ez zaizkio gustatzen gurasoek aukeratuta hasi dituen ikasketak, oso argi ikusten du ez duela bere burua hor ikusten, orduan, ikasketak uztea erabakitzen du”. Gurasoek ez dute alabaren erabakia onartu nahi eta hasiera batean afera akademikora mugatzen zena, zabaldu eta gurasoen etxea ere utzi beharko du. Hala, trena hartu eta herria ere uztea erabakitzen du Anek, “tren-hartze hori bere barne bidaiaren hasierako pausoa edo keinua bihurtzen da”, azaldu du egileak. Izan ere, nobelak urte osoa hartzen du eta denbora tarte horretan, Ane bere bidea nola egiten doan ikusiko dugu. Bizitzari buruzko galderei erantzun berriak aurkituz, udaberriaren loratzea iritsiko da, eta protagonistak badaki, bere bizitza aldatzen ari dela onerako, bere barne nahi eta zinezko sentipenen ahotsak garbiago, finago entzuteko gai delako. Eta, bizitzari begiratzeko aldarte berri horrek udako oparotasun ziurrago eta beteagora eramango du.

Agirrek azaldu duenez, independizatzeari buruzko istorio bat da liburua. Hala, “unibertsitatean ikasiko ez dituen ikaskuntza asko izango ditu Anek, adibidez, labadora bat nola jartzen den ikasiko du, edota komunak nola garbitzen diren, eta honekin batera, baita bizipen pila bat ere”.

Pertsonaiei dagokienez, oraingoan ere Libe, Maren eta Oier egongo dira protagonistarekin batera. Hauen bitartez, nola aldatu diren ikusi ahal izango du irakurleak, baina baita euren arteko harremanak nola joan diren moldatzen ere.

Zabaldu: