(argazkia: Kultur Sharea)

[BIDEOA] Alava espioitza-sarean aritu ziren emakumeak oroitzeko eleberri historikoa ondu du Katixa Agirrek

Euskal Herrian gerra galdua zelarik, kartzela eta kontzentrazio-esparruetan preso zeuzkaten senar eta nebei bisitan hasi ziren Barne zerbitzuak nobelako protagonistak; espetxera mezu klandestinoak sartzen eta handik ateratzen segitu zuten gero, eta hortik abiatuta espioitza-sare zabal bat eratu zuten.

 

Katixa Agirrek ‘Barne zerbitzuak’ nobela historikoa aurkeztu du gaur Donostian, Elkar argitaletxearen eskutik. Idazle gasteiztarrak 1937-1943 urteetara garamatza eta Alava sarean aritu ziren emakumeak ditu protagonista.

 

1936ko gerra aurrena, eta horren segidan II. Mundu Gerra hurrena. Garai latzak, beraz, Agirrek jaso dituenak eleberrian. Ehunka mila gizon lubakietan, itsasoan nahiz airean elkar hiltzen, baina hau ez da gizonen gerra-kontakizun ohikoa, sasoi ilun hartan bere bizia jokatuz beste askorenak salbatu zituzten emakume ausart batzuei buruzkoa baizik.

Izan ere, Euskal Herrian gerra galdua zelarik, kartzela eta kontzentrazio-esparruetan preso zeuzkaten senar eta nebei bisitan hasi ziren eleberri honetako protagonistak; espetxera mezu klandestinoak sartzen eta handik ateratzen segitu zuten gero, eta hortik abiatuta espioitza-sare zabal bat eratu zuten, erregimen frankistaren eta haren kide aleman eta italiarren xehetasunak ematen zizkiena aliatu frantses eta britainiarrei.

 

Xabier Mendiguren editoreak adierazi duenez, “garai zirraragarri batean kokaturiko eleberri historikoa ondu du egileak, misteriozko thrillerraren teknikaz osatua eta irakurleari keinu egiten dioten hainbat jolasez aberastua”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna