[BIDEOA] Alberto Ladron idazleak ‘Mendekuaren hazia’ eleberria kaleratu du

Izenburuak berak aipatzen duen bezala, mendeku baten istorioa kontatzen du Ladronek bere betiko estiloari eutsita: misterioa, suspensea eta elkarrizketa biziak.

Leire Asiain inspektorea da oraingoan ere Alberto Ladron (Iruñea, 1967) idazlearen Mendeku hazia (Elkar) nobela berriaren protagonistetako bat. Idazleak ondutako Harrian mezua (2014), Gezurren basoa (2016), Jainkoen zigorra (2017) eta Film zaharren kluba (2018) eleberrietan ere ageri da Asiain.

Aurrekoetan bezala, genero beltzeko eleberria idatzi du egileak, baina aurreko libururako fikzioan inspiratu bazen ere, oraingoan errealitatezko kasuetan jarri du arreta Mendeku hazia ontzeko, izan ere, “askotan errealitateak fikzioa gainditzen du”, adierazi du Ladronek.

Eleberria hiru bloketan banatuta dago, aurrenekoa 2014an gertatzen da, “Andoni Isok bere andregaia akabatu zuen Donostian, anker eta hotz, baina Ertzaintzak ezin izan zuen haren aurkako frogarik topatu”, dio sinopsiak.

Handik eta hiru urtera, berriz, neska gazte bat Erronkariko Landetxe batean dagoela, desagertzen da eta ez dago garbi zer gertatu den, ez da neskaren gorpurik inon ageri. “Asiain jo eta su saiatuko da, bere talde osoarekin, kasua argitzen eta Isoren akatsen bat harrapatzen, baina, susmoak eta arrastoak pilatu arren, ikerketak aurrera egin ahala, misterioa argitu ordez, mataza nahasia are gehiago loditzen eta korapilatzen doa”.

Eleberriaren hirugarren zatia 2020an gertatzen da eta honetan, irakurleek Asiain zertan ari den jakingo dute, izan ere, Ladronen aurreko eleberria 2018an kokatuta dago eta protagonistak Foruzaingoa utzi zuen.

Izenburuak berak aipatzen duen bezala, mendeku baten istorioa kontatzen du Ladronek bere betiko estiloari eutsita: misterioa, suspensea eta elkarrizketa biziekin.

Zabaldu: