[Bideoa] Asel Luzarraga idazleak ‘Uzta garaia’ gazteentzako eleberria kaleratu du

Idazleak “disidentzia pilula txikiak” jarri ditu bidean gazteek ere euren buruari galderak egin eta oinordetzan hartu duten munduaren arrakalei errepara diezaieten.

Asel Luzarraga idazleak (Bilbo, 1971) gazte literaturara itzuli da Uzta garaia (Elkar) izeneko nobela berriarekin. Ibilbide oparoa egiten ari da idazle bizkaitarra, hiru hilabete dira helduentzako Malthusen ezinegona izeneko eleberri distopikoa kaleratu zuenetik eta urtebete Bahiketa nobela errealista argitara eman zuenetik.

Luzarraga duela hiru urte ekin zion gazteei zuzendutako liburuak idazteari. Bere webgunean azaldu duenez, “2018an Inoren munduan eleberriaren proiektua gazteentzat egokituta idaztea erabaki nuen arte, ez nuen bultzada berezirik sentitu gazteentzat beren-beregi idazteko. Inoren munduan bera helduentzako proiektua izan zen jatorrian. Nire eleberri guztiak proiektu luze eta oso baten piezak dira, apurka-apurka, irakurleek sumatu gabe, osatuz doan errai biko unibertso literario bat, eta unibertso horretarako ez neukan nerabeak hartzaile izateko berariazko piezarik. Inoren munduan bera unibertso horretatik kanpo zegoen hein batean, esangura aldetik hor sartzen den pieza bete-betea izan arren. Hala, 2019an Inoren munduan aurkeztu, eta Durangoko Azokan John Andueza idazlea ondoan izatea tokatu zitzaidan. Zorte itzela, harrezkero ikusi ahal izan dudanez. Ez genuen elkar ezagutzen, baina berez eta azkar aspaldiko lagun bihurtuta sentitu ginen biok. Gazte literaturan izandako esperientziaz mintzatu zitzaidan bera, eta lehen eskutik hasi nintzen mundu hori ezagutzen neu ere”.

Dena dela, Luzarragak ez zuen lehen momentutik gazte literatura gehiago egiteko erabakirik hartu, baina ideiak pixkanaka egin zuen bidea bere burmuinean. “Harra barruan hozka nuela, denborak aurrera egin, eta 2020ko urtarril-otsail aldera etorri zitzaidan ideia. Behartu barik, berez, leiho bat zabaltzea legez izan zen, eta leiho horretan zehar ikusi nuen baneukala nire unibertso literarioaren barruan gazteei zuzendutako pieza batzuk jartzeko materiala”.

Hala sortu ziren Iraultza eta Zigor neba-arreba bikiak, eta hiru liburu edo abenturatarako ildo nagusiak. Bete-betean sartzen ziren, gainera, egilea ehuntzen ari zen errai biko mapa horretan. Bestalde, bidea eman zioten Inoren munduan ere lotuago uzteko proiektu osoan, eta hala sortu zen neba-arreben unibertso txikia, Ondarrate, Bizkaiko Urdaibai inguruan kokatzen den fikziozko herri arrantzalea. “Orain, argitaratu denean, lagunei esaten diedan legez, disidentzia pilula txikiak jarri dira bidean gazteek ere euren buruari galderak egin eta oinordetzan hartu duten munduaren arrakalei errepara diezaieten”.

Idazleak adierazi duenez, “liburu edo abentura bakoitzak begien aurrean zer arrakala jarriko dien irakurleek aurkitu beharreko lana da, ez dut aurreratuko, baina istorioen ordenak badauka bere esangura sinbolikoa ere. Nire lehenengo eleberritik etortzeko daudenetara istorioz istorio osatzen ari den errai biko unibertso horretaz ere ez dut gehiago argituko. Beharbada, hasiko zen irakurleren bat osotasunari usaina hartzen eta testuak elkarri josteko hariak sumatzen. Horrek badu bere kodea, ordea, eta Iraultzak eta Zigorrek ere badauzkate euren giltzak”.

Liburuaren sinopsiak hala dio: “Iraultza eta Zigor neba-arreba bikiek urtero herrira mahatsa biltzera joaten diren sasoikakoen kanpamenduan ezagutuko dute Baazima, ezkutuan. Beren eskuen lanaren indarra baino ez duten gizon desjabetuen artean, neska gaztea ezagutzeak umetako xalotasuna galaraziko die. Baazima ez da bere gorputzaren jabe ere. Gure artean ere, ikusi ez arren, ehunka desjabetu bizi dira. Gizartea eraldatzeko indarra eta konpromisoa gazteen esku”.

Zabaldu: