Dom Campistron ere izango da festibalean 'Bekatorosak' liburuaren gaineko hitzaldian (argazkia: U.G. Kultur Sharea)

[BIDEOA] ‘Bekatorosak’, homofobiaren aurkako aldarria zazpi testigantzaren bidez

Dom Campistron ilustratzaile baxenafarrak Bekatorosak izeneko eleberri grafikoa aurkeztu du.

“Bekatorosa naiz. Hala sortu nintzen”, horrela aurkezten du Dom Campistronek bere burua gaur egun, eta halaxe bataiatu du, baita ere, labetik atera berri duen liburu grafikoa: Bekatorosak. Elkar argitaletxearekin kaleratu du bere lehenengo lana eta homofobiaren aurkako aldarria egin nahi izan du Aldudeko ilustratzaileak.

Horretarako, 2019ko udan Nafarroa Behereko hainbat herri txikitako zazpi lagun elkarrizketatu zituen, “zazpi bekatorosa”. Campistronek zehaztu duenez, “parte hartzaileak Nafarroa Behereko herri txikietan handitu diren lesbianak, bisexualak eta, gayak dira”. Zazpi lekukotza hauen bidez, izan dituzten borrokak eta haien izateaz harro sentitu arte egindako bide luzea jasotzen ditu liburuak, hitzak eta marrazkiak uztartuz.

Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorearen arabera, egileak berezko hizkuntza bat sortu du eta horrek egiten du liburua berezi eta original, “Bekatorosak liburu gazte bat da daukan arintasunagatik, mugikortasunagatik eta espresioagatik. Testuak ahozkotasunetik asko dauka, “irakurtzeko eta ilustrazioaz gozatzeko liburua da, testuak oso hurbilekoak baitira. Lekukotza batzuk dira, eta idazkera txukun batez eta freskotasun hori galdu gabe jaso ditu egileak”.

Campistron hamasei urte zituela maitemindu zen lehen aldiz neska batekin. “Garai hartan lesbiana hitza ere ez nuen ezagutzen eta, beraz, jende anitz bezala, bakartasun handi batean bizi izan nuen nire nortasuna”, kontatu du. “Niretzako liburu hau gonbita bat da heterosexualak direnei eta ez direnei gure mundua hobeto ezagutzeko. Liburuan gure borrokak, bizi izan ditugun eraso homofoboak, eta baita gure maitasun istorioak eta geroan dugun esperantza ere badaude”.

Zabaldu: