[BIDEOA] Bizipoza ekimena ezagutzera emateko aurkezpen ekitaldia izango da gaur, Donostian

Pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen Euskal Herri inklusiboa eraikitzen laguntzeko helburua du Bizipozak. Aurkezpenak Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon egiten ari dira.

Bizipoza, elkarteen elkartea da. 35 elkartek osatzen dute. Horrez gain, hainbat bazkide eta babesle ekonomiko dituzte, baita boluntario sarea ere. Pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen Euskal Herri inklusiboa eraikitzen laguntzeko helburuarekin sortu zuten. Izan ere, “elkartea osatzen duten haur eta familiek, pertsona horiek guztiek, eguneroko bizimoduan, gainontzekook bezala bizitzeko eskubideak urratuak” dituztela diote Bizipozakoek.

Aniztasuna da elkartearen ezaugarrietako bat, Bizipoza era eta kide askotako elkarteek osatzen baitute: Gaixotasun larriak dituzten haurren elkarteak, LGTBI kolektiboaren eskubideen aldekoak, haur transexualen eskubideen aldekoak, kultur artekotasuna lantzen dutenak, migratzaileen harrera duina lantzen dutenak…

Bizipozan dauden elkarte guztiak bestalde, badute komunean beste ezaugarri bat: euskarak batzen ditu.

Bizipoza eta berau osatzen duten elkarteen berri emateko, Gure bizipoza, guztiona dokumentala ekoitzi dute. Bertan, Bizipoza elkartea zer den erakusten ari dira. 18 minutuko dokumental horrez gain, elkarte bakoitzari buruzko hiru bat minutuko mikro-dokumentalak ere ekoitzi dituzte eta guztiak ikus-entzungai daude dokuweb batean eta Bizipozaren webgunean.

Orain arteko guztiaren berri gizarteratzeko, hainbat aurkezpen ekitaldi antolatzen ari dira:Urriaren 29an Iruñean egin zuten, gaur Donostian, ostegunean Gasteizen eta hilaren 2oan Bilbon egingo dute.

Zabaldu: