[Bideoa] Corine Cellaren ‘Basa’ eta ‘Zuhaitzarekin solasean’ proposamenekin dator Hendaiako Borderline Fabrika

Gogoeta artistikoa egin eta izaki biziak esploratzeko gonbita egin nahi dute bi ekintza hauekin.

Borderline Fabrikak antzerkia, dantza eta kale marrazkia uztartzen dituen Soak egitasmoa abiatu du aurten, Hendaiako Geltokiko auzoan. Talde abentura dela diote antolatzaileek eta oraingoan, Corine Cella sortzailea gonbidatu dute. Cella auzoko izaki biziak esploratzeko gonbita egin nahi du Basa egitasmoaren bidez. Sortzailea bilaketa koreografikoan ari da nerabe batekin batera, eta bestetik, jendeari natura basatiak hirian duen lekuaz galdetu nahi du. “Bien arteko erlazioa inplizitua da”, bere aburuz. Hala, espaloietan bizirauten duten belar txarrak eta hirian zehar dantza egiten duen nerabe bat parez pare jarri nahi ditu egitasmoarekin. Guzti horretarako hiru ekintza prestatu ditu: uztailaren 18an, ibilaldia egiteko eta belar txarrak ikertzeko aukera egongo da; abuztuaren 10an, soinuak, formak eta koloreak jasoko dituzte; eta irailaren 12an inspirazio koreografikoen txanda izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, “esperientzia bakarti, meditatibo eta poetikoa” izango da Cellak dakarrena. Sarrera doakoa izango da eta 14 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izango du. Jarduera guztiak goizeko 10:00etan izango dira. Izena emateko hemen.

Soak egitasmoarekin batera, Borderline Fabrikak Zuhaitzarekin solasean ere aurkeztu du. Rouge Elea konpainiaren azken lana da honakoa, zuhaitzetatik zintzilik emanaldi ezberdinak sortzen urteak pasa ondoren. Oraingo honetan, zuhaitzari aurrez aurre begiratzeko hautua egin dute. Natura eta norberaren arteko solasaldia izan dute helburu pieza hau sortzerako orduan. Horretarako bi zatitan banatu duten ikuskizuna aurkeztuko dute. Lehenengo zatia banakako ibilaldia eta gogoeta artistikoa izango da, “bide horri ekitera gonbidatzen zaitugu, zure alde basatia eta inguratzen zaituen paisaia hizketan jar ditzazun. Bidearen amaieran zuhaitz bat dago. Han itxoingo zaitugu solasaldi batetan tematzeko, elkarrizketa poetiko eta absurdoa saiatzeko”, azaldu du konpainiak. Bigarrena berriz, musika, testua, zirkoa eta dantza uztartzen dituen zuhaitz azpiko emanaldia izango da.

Zabaldu: