Azken bi edo hiru urteetan bizitako pasadizo eta gogoeten laburpen moduko bat islatu nahi izan dute lan berrian.
Hiru urteren ostean, Esku hutsik izeneko bigarren lan luzearekin bueltatu da Don Inorrez. Imanol Ubedak gidatzen duen taldeak Mugiro bila aurreko diskoaren bidetik jarraitu nahi izan du, eta, horretarako, Karlos Aranzegi bateria jotzailea, Jacob Reguilon baxu jotzailea eta Paco Loco gitarra jotzaile eta ekoizlearekin aritu da oraingoan ere.
Hamar kantuz osatu dute lan berria, Esku hutsik da horietako bat, “Pello Lizarraldek letra bat bidali zigun justu alaba jaio zenean eta horri buruz mintzo da kanta”, azaldu du Ubedak. Izenburu hori baliatu dute diskoari izena jartzeko ere, “abesti horren letrak beste zerbait esaten duen arren, izenburu horrek balio dezake musika sektorea nola dagoen azaltzeko”. Pandemia baino lehen, oso egoera prekarioan ari zirela kontatu du Ubedak, “egoera ez zen erreza musikari eta musikariaren inguruan dabiltzanentzat, eta, orain, Covid-19arekin gauzak askoz gehiago konplikatu dira, lehen gauza gutxi genituen eskura eta orain esku hutsik gelditu gara”.
Gainerako abestien gaiei dagokienez, Barre ala negar aurrerapen kantua esaterako, “autoparodia moduko bat” dela diote, baina badaude baita ere, “pandemiak eragin digunaz hausnartzeko moduko kantak edo pandemiak zer nolako eragina izan duen islatzen dutenak”. Kutsu pertsonalagoa dutenak ere badira disko berrian, eta kantu hauen bitartez,azken bi edo hiru urteetan bizitako pasadizo eta gogoeten laburpen moduko bat islatu nahi izan dute.
Diskoa Cadizen grabatu zuten iazko udan, Locoren estudioan. “Pacorekin gauzak oso zuzenak dira, jotzen grabatugenituen oinarriak, toma on bat ikusten genuenean horrela utzi eta hortik aurrera nondik jo, zer sartu… erabaki dugu. Aurrekoan gustura geratu ginenez, honekin ere formula hori mantendu nahi izan dugu”, azaldu du Aranzegik. Ahotsak, berriz, Jonan Ordorikarekin grabatu zituzten urrian, Mamia estudioan, “patxada eta denbora gehiagorekin”, izan ere, Locoren estudioan bost egun baino ezin izan zituzten eman.
Taldea gogotsu dago diskoa zuzenekoetan defendatzeko eta azaldu dutenez, aurreko diskoarekin bezala, oraingoan ere lantalde bera igoko da oholtza gainera, hau da, Ubeda eta Aranzegirekin batera, Fernando Neira eta Ruben Caballero ere izango dira kontzertuetan. “Aurrekoan oso lantalde polita osatu genuen eta berriro ere asmo horrekin gaude, jotzeko gogoekin, eszenatokia baita gure esparru naturala, hor sentitzen gara eroso”, bukatu du Aranzegik.