Muskizko El Pobal burdinolan, Balmasedako La Encartada fabrika museoan eta Bermeoko Arrantzale museoan grabatu dira kontzertuak.
Euskaltzaleen Topaguneak Udagoieneko Ostera zirkuituaren 21. edizioa aurkeztu du, gaur. “Urte berezi honetan ere Udagoieneko Osteraz gozatzeko aukera izango duzue. Azaroan zehar Bizkaiko hiru museoetan grabatutako hiru kontzertu akustiko jarriko ditugu zuon eskura”, adierazi dute.
Maria Rivero Euskaltzaleen Topaguneko kultur teknikariaren arabera, “Udagoieneko Ostera egingo zela bermatzea izan da urte honetako gure helburua. Gainera, une honetan berebiziko garrantzia hartzen dute kulturak zein ondareak, eta beraz, bi hauek uztartu ditugu. Azkenean argi ikusi da kultura behar dugula eta hori da bermatu nahi duguna”.
Hala, Udagoieneko Ostera Hegan berrikuntza askorekin dator. Osasun egoeraren ondorioz, aurrez aurreko ikuskizunak programatu beharrean, publikorik gabeko kontzertuak grabatu eta publikoaren eskura jarriko dira dohainik.
Eñaut Elorrieta, Zea Mays eta Izaki Gardenak dira zirkuituan parte hartuko duten musikariak eta taldeak, eta bakoitzak kontzertu akustiko berezi bat sortu du museoetarako propio. Hain zuzen, Muskizko El Pobal burdinolan, Balmasedako La Encartada fabrika museoan eta Bermeoko Arrantzale museoan grabatu dira kontzertuak.
Azaroaren 13tik 29ra bitartean egongo dira kontzertu guztiak denontzat ikusgai Udagoieneko Ostera webgunean. Ostiralero kontzertu bat estreinatuko da eta asteburuan zehar, webgunean egongo da eskuragarri: azaroaren 13tik 15era, Eñaut Elorrieta La Encartada fabrika- museoan; azaroaren 20tik 22ra, Zea Mays El Pobal burdinolan; azaroaren 27tik 29ra, Izaki Gardenak Arrantzaleen museoan.