Urriaren 13ra arte egongo da izena emateko epea zabalik. 15 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Gureak Egin musika, hitza, antzerkia eta dantzarekin ondo pasatzeko aukera eskaintzen du. Sormenari eragiteko gazteentzako eskaintza berria da.
Gertuko kultur errealitatean oinarria izango duen eskola izateko jaio da Gurean Egin laborategia. Sustatzaileen arabera “asmoa ez da aisialdi eskaintza hutsal bat egitea, haragoko helburua dugu. Praktika sortzaile edo artistikoak burutuz, bertako kultur adierazle eta espresioekin lotuneak eraiki eta eredu propioak sortuko ditugu. Inguratzen gaituzten kultur zeinu, ohitura edota espresioetara hurbilduz, geure aldarrikapen propioak eraikiko ditugu Gureak Egin laborategian”.
Egitasmoa kultur esperientzia “bakar eta berezia” izango dela nabarmendu dute. “Gure gazteek Iruñerriko euskal kultura ezagutuko dute, musika edo antzerki taldeen bidez, edo sortzaileen bidez, eta haiek ere praktikatu eta sortzeko aukera izango dute, beti ere haien interesetatik abiatuta”. Hala, Gureak Egin: musika, hitza, antzerkia eta dantzarekin ondo pasatzeko aukera eskaini nahi du. “Sormenari eragiteko gazteentzako eskaintza berria da. Atsegina, plazera eta gozamena euskaraz!”.
Moduluka antolatu dute laborategia. “Ikasturtean zehar, kultur erreferentzia batetik abiatu eta sorkuntza prozesu txikiak aktibatzeko ibilbideak egingo ditugu. Horrela, adierazpide, molde eta diziplina ezberdinetatik saltoka ibiliko gara”.
Bi izango dira sormen bulkada hauetarako norabideak:
-Kanpotin Gura: “Gure inguruko kultur adierazpide eta erreferentzietan sakontzeko modua izango da. Zein dira inguratzen gaituzten kultur espresioak? Nolako mekanika dute? Zein da hauen funtzioa? Nola eragiten digute? Zein leku betetzen dute gugan? Gure iruditegian, gure emozioetan?”. Inguratzen gaituzten tradiziozko zein egungo kultur erreferentzietan sakonduko dute.
–Gutik kanpora: “Ezaguna zaigun eta inguratzen gaituen kultur adierazpideen transmisioa eta ezagutza jaso ostean, geure barneari jarriko diogu arreta. Zer gara? Zer aldarrikatu nahi dugu? Zer esan nahi diogu munduari? Zein tresnak jaso ditugu eta hauek nola molda ditzakegu?”. Gazteen ahotsa izango dute hemen lanabes nagusiena. Desio, nahi, iritzi edo aldarrietatik sortuko dituzte edukiak, pizgarriak edo sormenerako aitzakiak. Hauek landu, aurretik ikasitakoarekin harremanean jarriko dituzte, plazaratzeko sormen piezak proposatuz.
Gaurtik urriaren 13ra arte egongo da laborategian matrikula egiteko epea zabalik.