Hezkuntza Legeak euskal kultur transmisioa berma dezan lan egiteko prest daude Euskararen kulturgintzako eragileak.
Ahotsenea, Azpeitiko Udala eta Kultur Mahaia, Elkar Fundazioa, Kulturazkooperatiba, Hik Hasi, Ikaselkar eta UEU eragileek euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntza arautuaren testuinguruan jorratzeko Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldiak antolatu zituzten 2019ko urrian.
Jardunaldi haietan eginiko diagnosiek eta trukaturiko esperientzien arabera, “argi geratu zen kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzeko eta sendotzeko premiazkoa zela kultur eragileon arteko eta kultur transmisioan dihardugun eragileon arteko saretzean urratsak egitea”, azaldu dute eragileek.
Horretan aritu dira azken bi urteotan, eta kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruko gogoeta egitera eta saretzera batu zaizkie orduz geroztik beste hainbat eragile ere: Bertsozale Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Dantzan, EEE, EHAZE, EIE, EIZIE, Xabiroi, Jakin, Galtzagorri Elkartea, Lanartea, Ibaia, ADDE edota EuskalPen. Saretze dinamika hori eta gogoeta prozesu hori egituratzen ari direla, Hezkuntza Itunaren eztabaida etorri da, eta premiazkoa iruditu zaie “Hezkuntza Itunaren testuinguruan kulturgintzatik geure ikuspegia gizarteratzea, geuk ere ahotsa hartzea etorkizuneko legeak euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntzan berma dezala eskatzeko”.
Hala, eragileen artean testu bat adostu dute aldarri hori gizarteratzeko atxikimenduak lortzeko, eta ahalik eta gorputz kolektibo sendoena egituratzeko. Testua gaur aurkeztu dute Donostiako Oteizaren eskulturan eta bertan izan dira aldarrikapenarekin bat egin duten kultur eragile eta kultur erakundeetako ordezkariak: ADDE, Ahotsenea, Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Bertsozaleen elkartea, Dantzan, EAB, EEE, EHAZE, EIE, EIZIE, Euskal Herriko Trikitixa elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, EuskalPEN, Galtzagorri, Ibaia, Lanartea, Tupust!, Xabiroi…
Lehen urratsean aldarrikapena eta deialdia kultur eragile eta kultur erakundeen eskutik gizarteratu badute ere, asmoa da aurrerantzean sortzaile eta kulturzaleekin ere bidea egitea, eta pixkanaka sarea indartzea eta sendotzea. Nolanahi ere, sortzaile zenbaitek ere babesa adierazi diote aldarrikapenari lehen urrats honetan. Horien artean dira, besteak beste, Oihana Iguaran eta Uxue Alberdi bertsolariak, Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea, Harkaitz Cano eta Eider Rodriguez idazleak eta Eñaut Elorrieta eta Ines Osinaga musikariak.
Donostiako Aquariumeko aretoan adierazpena irakurri dute: