[Bideoa] Hatxe musikariak ‘Panpin hautsien dantza II’ proiekturako ‘Crowdfunding’ kanpaina abiatu du

Hiru bideoklip sortu nahi ditu, horretarako Maria Elorza zinemagilea, Ainara Gurrutxaga aktorea, Idoia Beratarbide ilustratzaile eta sortzailea eta Myriam Perez dantzari garaikidea izango ditu alboan.

Idoia Hernandez musikagilea (Errenteria, 1988) dago Hatxe proiektuaren atzean. Bere ibilbideak diziplinen arteko elkarlanean izan du oinarria, antzerki, dantza zein poesia ikuskizunetarako musika sortuz.

Iaz Panpin hautsien dantza proiektua aurkeztu zuen, pianoa, ahotsa, gitarra, biolina eta bateriarentzat sortutako ikuskizuna. Musikariak azaldu duenez, ezohiko kontzertu bat da: “antzerki ikuskizunen antzera, hasiera bat eta bukaera bat du. Kantuen arteko trantsizioak testuekin, argiekin edota inprobisazio eta material elektroakustikoarekin landu dira, pieza guztiek bat eginez”.

Panpin hautsien dantza kontzertua iazko otsailean estreinatu zen eta honekin batera, lau kantuz osatutako disko laburra argitaratu zuen. Bildumako Histeria bideoklip esperimentala Maria Elorza zinemagileak zuzendu zuen Azpeitiko Sorkuntza bekari esker.

Oraingoan ere zinemagilearekin elkarlanean, beste hiru kanturi irudiak jarri nahi dizkio Hatxek, eta honekin batera  Panpin hautsien dantza II  disko laburra argitaratzea da bere asmoa. Horretarako hiru artista gonbidatu ditu: Ainara Gurrutxaga antzerkigilea, Idoia Beratarbide ilustratzailea eta Myriam Perez Cazabon dantzari garaikidea. “Hiru ikuspegi feminitatearen kargaz hitz egiteko. Emakumeon objektualizazioaz, pentsamenduak gutxiestearen zamaz eta gorputzaren botereaz hausnartzeko parada izango delarik”.

Panpina, Zauria eta Kali kantuak

Panpina abestiari dagokionez, “hainbat elementuren presentzia eta teatralizazioa izango dira nagusi. Panpinak (portzelana edo trapuzkoa), jostailuak (garai bateko neskentzako jostailuak), telak (parpailak dituena edo kakorratzarekin landua), etxeko tresnak (lapikoak, te katiluak, mahai tresnak)”. Zauria kanturako, berriz, “animazio teknika erabiliko da. Emakumeen argazki erretratu zaharrak oinarri, lixiba, kuterra, tintak, lixa eta bestelako elementuekin plastikoki landuko dira”. Amaitzeko Kali abestirako, “gorputzaren mugimenduak grabatuko dira eta post-produkzioan irudi bikoizketarekin jolastuko da, gorputzaren azal geruza ezberdinei erreferentzia eginez”.

Proiektua finantzatzeko diru bilketa bat abiarazi du Goteo plataformaren bidez, gutxienez 6.000 euro lortu behar ditu. “Bideoklipez gain, disko laburra grabatuko da hiru kantu horiekin, baina diru bilketa igo ahala kantu gehiago grabatu ahalko dira”.

 

Zabaldu: