[Bideoa] Huntza taldeak eremu sinfonikora egin du jauzia Euskadiko Orkestraren eskutik

Fernando Velazquezek moldatutako eta Euskadiko Orkestrarekin grabatutako Huntza taldearen Lasai Lasai, Olatu bat eta Aldapan gora abestien bideoklipen estreinaldia, izango da gaur, bihar eta etzi Euskadiko Orkestraren sare sozialetan.

Euskadiko Orkestrak erreferentziazko euskal artistak eremu sinfonikora eramateko ekimen digital hau jarri zuen martxan duela pare bat urte, Zea Mays taldearen hiru bideoklip eta Doctor Deseoren beste hainbeste grabatu eta zabaldu zituenean. Ekimenak arrakasta handia izan zuen eta Orkestrak berak jakitera eman duenez, “oraindik orain bideo hauek milaka bistaratze biltzen jarraitzen dute sareetan. Formatu horren estreinaldia arrakasta handikoa izan zen orkestrarentzat, eta orain dela gutxi eskaera gehien jasotzen ari diren euskal artistetako batekin errepikatu du, Izarorekin, alegia (milioi erdi bat baino bistaratze gehiago izan dituzte harekin grabatutako bideoek). Orain Huntza euskal talde ezagunarekin egin du modu bereko lankidetza.

Hala, pasa den urteko azaroan ateak itxita grabatu ziren bideo hauek Miramongo egoitzan, Fernando Velazquezen gidaritzapean. Getxoko musikagile eta zuzendaria Huntzaren Lasai lasai, Olatu bat eta Aldapan gora kanten moldaketa sinfonikoak egiteaz arduratu zen, baita proiektu berri honen zuzendaritza artistiko osoaz ere. Ikus-entzunezko zuzendaritza Pausoka Entertainment-eko Jabi Elortegiren esku geratu da oraingoan ere. “Orduan egin zen grabazioa eta orain, konfinamendu garaian, inoiz baino zentzu gehiago hartzen duen honetan, aurkeztuko dugu eremu digitalean”, adierazi du Euskadiko Orkestrak.

Huntza taldeak, Bilboko unibertsitate- eta gazte-girotik sortutakoak, bere agerpen guztiak arrakasta eta jai-giro bihurtzen ditu. Gaur egungo talde euskaldun arrakastatsuenetako bat da, instrumentu tradizionalak (trikitixa, panderoa…) eta pop rock musika uztartzen dituena. Josune Arakistainek eta Uxue Amonarrizek jartzen dizkiote ahotsa eta trikitixa beren kanta ezagunenetako hiruri: Lasai lasai, Olatu bat eta Aldapan gora.

Arakistainek adierazi duenez, “Euskadiko Orkestrarekin gure hiru abesti grabatzeko proposamena iritsi zitzaigunetik abestiak osatu arteko prozesua oso oso polita izan da. Alde batetik, Velazquezen moldaketak zoragarriak dira eta, beste alde batetik, hainbeste pertsonako orkestra bat atzean edukitzeak abestiei beste forma bat eman die.”.

Velazquez pozik azaldu da bai orkestrarekin eta baita Huntzarekin ere, “bertsio berezi samar bat da, originala bezain dibertigarria, orkestrak duen izaera, tinbre eta gaitasun horrekin. Asko gozatuko duzuela espero dut, eta topikoa dirudien arren, guk grabatzean bezain ondo pasako duzuela espero dut”.

Ekimen honekin orkestrak beste publiko batzuentzako eskaintza musikala zabaldu du, arlo sinfonikoan ezohikoagoak diren errepertorioetan murgiltzearen bidez. Norabide honetan arrakasta handiko beste esperientzia batzuk ere baditu orkestrak bere ibilbidean, esaterako, Ken Zazpi, Michel Camilo, Kepa Junkera eta Benito Lertxundirekin garatutako proiektuak. Horiek guztiak kontzertu-formatuan eman ziren, baina duela pare bat urte orkestrak haratago joatea erabaki zuen eta bideoklip formatura egin zuen jauzi.

Bideoklipen aurkezpena

Uztailaren 2, 3 eta 4an aurkeztuko dira hiru bideoklip berri hauek, lehendabizi ETBn eta ondoren Euskadiko Orkestraren sare sozialetan (Youtube, Instagram, Facebook eta Twitter).

Zabaldu: