(argazkia: U. G. Kultur Sharea)

[Bideoa] Iban Zalduak ‘Nola izan garen gauza’ ipuin liburua kaleratu du

Idazleak azaldu duenez, “euskal gatazkaren inguruko nobela kaleidoskopiko bat da liburua, ipuinez osatua eta batez ere askotariko perspektibismoa azpimarratu nahiko lukeena”.

Azken 23 urteetan euskal gatazkari buruz idatzitako 60 ipuin bildu ditu Iban Zalduak (Donostia, 1966) Nola izan garen gauza liburuan (Erein). Idazleak Donostian aurkeztu du ipuin bilduma eta azaldu duenez, “ipuin ia guztiak liburu desberdinetan barreiatuta zeudenak dira”, beste batzuk, berriz, inoiz argitaratu gabeak izan direnak.

Orotara hamabi ipuin liburu ondu ditu Zalduak bere ibilbide luzean, eta horietako batzuetatik hartu ditu lan berriak jasotzen dituenak: Ipuin berriak (Erein, 1999),  Gezurrak, gezurrak, gezurrak (Erein, 2000), Traizioak (Erein, 2001), Itzalak (Erein, 2004), Etorkizuna (Alberdania, 2005), Biodiskografiak (Erein, 2011), Inon ez, inoiz ez (Elkar, 2014) eta Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (Elkar, 2018) liburuetatik, hain zuzen.

2018an Como si todo hubiera pasado (Galaxia Gutenberg) liburuan bildu zituen gaztelaniaz gatazkari buruz idatzitako 42 ipuin. Batzuk kanpoan gelditu ziren eta orain, “askoz bilduma osoago bat” sortu du idazleak, “gaztelaniazko bertsioan falta ziren ipuin horiek sartuta, aurkitzeko zaila zen bat edo besterekin, eta liburuetan ez zeuden beste laurekin. Azken horietako bat dugu Partidak, Erein argitaletxeko editore Inazio Mujikarentzat ipuin “luzea eta jakingarria” dena.

Egileak azaldu duenez, euskal gatazkaren inguruko nobela kaleidoskopiko bat da liburua: “ipuinez osatuta, batez ere multiperspetibismoa azpimarratu nahiko lukeena, gatazkaren alderdi desberdinak hartu nahi dituena, perspektiba desberdinetatik analizatuta eta aztertuta, eta denboran zehar historia nola bilakatzen den erakusten duena”.

Zabaldu: