[BIDEOA] ‘Ikimilikiliklik’ antzezlanak beldurraren inguruan hausnartzeko gonbita egiten du

Marie de Jongh antzerki konpainiak Urtarrilaren 21ean, asteartea, estreinatuko du obra Bilboko Arriaga antzokian.

Marie de Jongh antzerki konpainiak Ikimilikiliklik antzezlana aurkeztu du gaur, Bilboko Arriaga antzokian. Azaldu dutenez, mundu eder eta magikoan murgilduko gaituen ikuskizuna da Ikimilikiliklik, baina gai potolo bat dakar sakonean: Beldurra. “Beldurraren inguruko hausnarketa bat partekatu nahi izan dugu, bere izaera zikiratzaileaz, gure erabakien gainean duen botere gupidagabea; baina, aldi berean, gure identitatearen parte ere badena eta berarekin bizitzen jakin behar dugu”.

Antzezlan honen protagonista nagusia Ekhi da eta sorginei sekulako beldurra zien haurra zenean. Denborarekin baina, bera ere “sorgin” bihurtu den emakume bat da.

Konpainiak azaldu duenez, ikuskizun honetan bada bigarren protagonista bat: Hitza. “Marie de Jongh-en ibilbidean ez dugu inoiz hitzik erabili, beti mutu jardun dugu. Oraingo honetan, berriz, istorioak hala eskatzen duelako, edo hobe esanda, kontatzeko modurik egokiena hitza erabiliz izango dela jakinik, hura baliatzea deliberatu dugu. Erronka polita, bada, salda berean hitza, sorgin keri eta tasunak sartzea”.

Jokin Oregi eta Ana Meaberen gidaritzapean, Meabe bera, Aiora Sedano, Juana Palacios, Leire Omeñaca eta Maitane Sarralde aktore eta dantzariak ikusiko ditugu taula gainean.

Familia guztiari zuzendutako antzerki obra honen estreinaldia Bilboko Arriagan izango da hilaren 21ean, asteartea, Gelatxoak programaren baitan.

 

Zabaldu: