Abenturazko eleberri laburra eta akzio bizikoa dugu Irisarriren aurreneko liburua, 1811n Nafarroako mendialdean kokatua.
Iñaki Irisarri idazleak (Iruñea, 1969) ‘…eta infernuko demonioa adiskide’ eleberria kaleratu du Elkar argitaletxearen eskutik. Abenturazko eleberri laburra eta akzio bizikoa dugu idazleak dakarrena, 1811n Nafarroako mendialdean kokatua.
Hiru urte dira Napoleonen tropak Pirinioak zeharkatu eta Iruñeko zitadelaz jabetu zirenetik. Bertako jendea nazkaturik dago frantsesak jasan eta elikatu beharraz. Hori dela-eta, gero eta gehiago dira Espoz Minak gidatzen duen gerrillarekin bat egiten dutenak, soldaduak behingoz Nafarroatik botatzeko. Hain zuzen, gerrillariekin elkartzera doa Babil eleberri honetako protagonista nagusietako bat, txirula jotzen duen 16 urteko mutiko xalo eta mutua da, etsaiek aita hil baitiote.
Erakusle ipiniko diote Txarro, gizonkote zakar eta basa, eta eginkizun berezia emango diete, biei eta Bordeletik datorren Lauren gazte ilustratuari: Urkiaga aldera joatea, handik dabilen bidelapurra atzemateko, merkatarien joan-etorriak babestearren. Urkiagako bentan hartuko dute ostatu hiru gerrillariek, agindutako ehizaren antolatzeko. Hantxe Martina ezagutuko dute, afera horretan lagunduko dien emakume misteriotsua.
Abenturazko eleberri hauxe dugu Irisarrik idatzitako aurreneko liburua: “leku, giro eta garai zehatz baten kolore eta usainez ongi hornituriko kontakizuna”, botereen eta armen aurrean herritar xeheak galtzeko guztiak dituela gogorarazten duena. “Batetik Napoleonen tropa, eta bestetik, gerrillariak, bi bandoetan euskaldunak, eta bi bando horien artea herri xehea, horrelako gerra giro batean beti galtzaile”, azaldu du idazleak.