[Bideoa] Jon Maiak idatzitako ‘Bihar’ manifestutik abiatuta, ‘Bestemundubat.eus’ webgunea sortu dute

Atarian edonork eman ahal izango dio atxikimendua manifestuari. Horretaz gain, webgunea bisitatzen duenak manifestuak iradokitzen dizkion ideiekin bere ekarpenak egin ahal izango ditu testu, marrazki, audio mezu, bideo edo musikaren bidez.

Covid-19aren ondorioz sortutako krisia hasi zenetik, Jon Maia bertsolaria beharra izan dutenentzat edo kaltetuta egon direnentzat poema pertsonalizatuak idazten aritu da, guztira 280 bertso pertsonalizatu baino gehiago sortu ditu, “isolamendua gainditzeko zubi gisa”.

Borondatezko lan horretan murgilduta, eta ezagutzen ari den errealitateak hunkituta, bertsolariak Bihar adierazpen poetikoa idatzi zuen, testu eta audio bidez.

“Manifestu hau Amaiak irakurtzen du, ebakuntza egin berri zaion eta ospitalean dagoen neska batek, eta testua kosta ahala zabaldu behar dela uste du”. Horrela, Tromsø,  Norvegian, Artiko polarrean bizi diren Dori eta Chris-i bidaltzen die, hauek, poloko hotzean bertan ere, testuak barne emozio eta indar bera sortzen duela egiaztatzen dutelarik. Adierazpena zabaldu behar dela sinetsita, ingelesera itzuli eta grabatzen dute. Bihar manifestuak bere ibilbidea egiten jarraitzen du sare sozialetan eta telefono bidezko mezularitzako aplikazioetan, hizkuntza gehiagotara itzultzen hasten delarik. Hala, hamabi hizkuntzatara itzulia izan da idatzia jada.

Testua informatikari batengana ere iristen da eta izaten ari den hedapena kontuan hartuta, webgune bat egiteko proposamena egiten dio Maiari, mundu osoko jendeak atxikipena eman dezan. Gaindegiak bere aldetik, mapa interaktibo bat egiteko aukera eskaintzen dio bertsolariari. Hala, sortutako webgunean edonork eman ahal izango dio atxikimendua manifestuari eta Maparen bidez, munduko zein bazterretatik egin duten bat testuarekin ikusi ahal izango da. Mapa horrek ahalik eta atxikimendu gehien lortzea da asmoa orain.

Honekin batera, webgunea bisitatzen duenak Bihar manifestuak iradokitzen dizkion ideiekin bere ekarpenak egin ahal izango ditu testu, marrazki, audio mezu, bideo edo musikaren bidez.

“Gu hasiera baino ez gara izan. Gure helburua borondateen eta indarraren batura lortzea da, krisi hau kontzientzia eta aukera bihurtzen laguntzeko sinergia bat lortzea, eta katearekin jarraitzea ideia hau zabalduz: bai, beste mundu bat posible dela eta, gainera, orain inoiz baino gehiago, beharrezkoa dela. Guk ibai txiki hau askatu dugu. Tantaz-tanta itsaso bihurtzea espero dugu”.

Zabaldu: