[BIDEOA] Joseba Sarrionandiak ‘Gauzak direna balira’ gaukaria aurkeztu du Habanatik

Habanako Gaukaria trilogia ixtera dator lan berria. Bideo baten bidez azaldu du idazleak liburuaren nondik norakoak.

Liburu mordoa idatzi dituen arren, Joseba Sarrionandiak (Iurreta, 1958) hauxe du berak idatzitako lan baten aurreneko aurkezpena kamera baten aurrean. “Lekuz kanpo sentitzen naiz, ze ni idazlea naiz eta liburuak egiten ditut eta ez zait ikus-entzunezkoa gustatzen, eta sentitzen dut ez dela nire lekua. Baina, tira, egoera berezian gaude pandemiarekin eta liburuari bisibilitatea emateko, arraina uretik kanpo bezala hitz egingo dut mikrofono honen aurrean”. Gauzak direna balira (Pamiela) izeneko gaukaria aurkezteko egin du kameraren aurreko agerraldia Habanatik, eta berehala ekin dio liburuari buruzkoak kontatzeari.

Gauzak direna balira Habanako Gaukaria trilogia ixtera dator. Bizitzea ez al da oso arriskutsua? izan zen lehenengoa eta Airea ez da debalde bigarrena. “Liburu bakoitzak egitura bat du eta azken hau ere egitura literario baten hirugarren zatia da. Idazmolde oso berezia dauka. Beti behar da egitura literario bat askatasuna izateko, askatasuna ez da ezerezean eraikitzen, baldintza batzuk behar dira eta baldintza horiek ez dira lokarri bat, baizik eta idazteko askatasuna ahalbidetzen duten formak”, kontatu du idazleak.

Aurreko bi liburuak bezala, lan berria Habana hirian eta gauez, idatzi du Sarrionandiak. Hala ere, “ez da egunkari intimoa deitzen diren horietakoa, baizik eta ingurua eta mundua ulertzeko saiakera edo esperimentu bat”, zehaztu du. “Ilargiaren sekretario moduan saiatu naiz lan egiten”, adierazi du.

Liburu berriak saiakera esperimental bat dela dio idazleak, “badu nobelatik ere”, gehitu du. Hainbat pertsonaia agertzen dira, Shakespeareren Ekaitza obratik hartutako Caliban, Prospero, Saikoratz eta Ariel dira horietako batzuk, analogia politikoak egiteko erabili ditu idazleak.

Kanibalismoa da liburuaren gaietako bat, “gaiekin gertatzen da gauza bat dela gertatu dena, eta beste gauza bat da horri buruz zer esan den eta zertarako erabili den. Hau da, beti dago errealitate faktual bat oso desberdina izan daitekeena horri buruzko diskurtsoarekin. Gaur egungo gizartean gai printzipala da gertaeren eta erretoriken artean dagoen bikoiztasun hori, erretorikak jan egiten ditu gertaerak, kanibalismoaren gaia adibide bat da”.

Sarrionandia euskaraz idaztean sentitzen duenaz ere mintzo da bideoan, “literatura egiterako orduan, ez zait dirua interesatzen, ez daukat espektakuluan parte hartzeko anbiziorik, baina bai sentitzen dut komunitate baten partaide naizela, pribilegiatua sentitzen naiz”.

 

Zabaldu: