(argazkia: kultur Sharea)

[Bideoa] Joseba Tapiak ‘Egon edo ez egon’ diskoa aurkeztu du Koldo Izagirre idazlearekin batera

Erritmo dantzagarriak, umorea eta ironia dira disko berriak biltzen dituen kantuen osagai nagusiak.

Egon edo ez egon da Joseba Tapia musikariaren bakarkako bederatzigarren lana. Donostian aurkeztu du Koldo Izagirre idazlearekin batera. Diskoa hamar kantuz osatuta dago, denak Izagirreren testuekin, Hemen dago abestia izan ezik. Azken hau Gordobil delako batek idatzi zuen 1949ko apirilaren 26an.

Musikari lasartearrak azaldu duenez, abestien izenetan oso zuzenak dira gaiak: AHT, Zikinaga S. A . edota Zozo bezain zozoa dira horietako batzuk. “Ironia eta umore asko dago, baina badago baita barnerakoiagoak diren kantuak ere, Gudazkenez, esaterako”.

Egon edo ez egon grabatzeko hainbat musikarik hartu dute parte. “Gure ohiko bandarekin egin dugu, hamar lagun gara eszenatokian, baina beste saxo jotzaile bat, helikoi jotzaile bat eta Et Incarnatus Orkestra ere gonbidatu ditugu”. Azken honek hiru kantu jo ditu eta horien gainean kantatu du Tapiak.

Abesti guztiak oso erritmikoak eta dantzagarriak direla ere kontatu du Tapiak, tartean dira cumbia, tangoa, merenguea eta pasodoblea. Et Incarnatus Orkestrak jotako hiru piezak dira salbuespen bakarrak. “Hor ageri da Hemen dago, Gernika suntsitu ostean Gordobil delako batek idatzitako poema motz bat, oso hunkigarria eta gogorra”.

Lana urrian grabatu dute Garate Estudioan, Kaki Arkarazorekin, eta Jonan Ordorikak masterizatu du. Tapiak berak sortutako Zakurraren Biolina ekoiztetxearen eskutik ikusi du argia diskoak.

Aurkezpen kontzertua apirilaren 28an

Donostiako Victoria Eugenia antzokian emango diote hasiera kontzertu birari, apirilaren 28an. Aurkezpen kontzertua berezia izatea nahi dute, eta taldeaz gain, diskoan parte hartu duten guztiak igoko dira oholtzara. Horietaz gain, sorpresaren bat egongo dela ere aurreratu dute. Musikariaren asmoa da Euskal Herriko hiriburuetatik hastea eta gero kanpoko jaialdietan ere parte hartzea.

Zabaldu: