Pamiela argitaletxearekin argitaratu du 99 haiku biltzen dituen antologia.
Udaberria Sutan, ia ehun haiku izeneko poesia liburuarekin heldu da Joxemari Iturralde (Tolosa, 1951) Donostiako Liburu Azokara. Idazleak gaur aurkeztu du liburua Konstituzio plazako Udal liburutegian, eta izenburuak berak dion bezala, 99 haikuz osaturiko antologia bat da.
Egileak poesia liburu berezia dela azaldu du, izan ere, bildu dituen poemak haiku modura idatzi ditu. “Haiku izen japoniarra da eta baita poemak idazteko modu bat ere. Oso poesia trinkoa da, oso plastikoa, irudi bizi asko dituena, baina aldi berean, zaila, arau finko eta zehatz batzuk bete behar dituelako”. Olerki hauek 5-7-5 silabakoak izan behar dira, ez dute errimarik eta kigo izenaz ezagutzen den urtaro-hitza izan behar dute. “Nire haikuen kasuan, kigoak bere hedadura handitzen du apur bat, zentzu zabalagoan hartu baitut, naturari erreferentzia eginez, unibertsoari, eguraldiari, denbora eta denboraren igarotzeari, erlazio pertsonalei… eta aldika pertsonaia historiko eta mitologiko batzuk ere tartekatu ditut”, azaldu idazleak.
Liburuan jasotzen den haiku sorta Iturraldek aspaldian idatzi zuen Mila haiku eta bat gehiago izeneko liburu elebidun handiago batetik egindako aukeraketa bat da. “Urteak daramatzat poesia mota hau lantzen eta iruditzen zait gaur egun jende askok erreparoa, errespetua eta baita beldurra ere diola poesiari”, adierazi du. Idazlearen ustez, “poesia mota hau zubi bat da poesiaren mundura hurbiltzeko, modu errez batean, oso poema sintetiko laburrak dira, oso trinkoak, errazak ulertzen eta sentitzen, ez hain errazak egiten”, kontatu du.