(argazkia: Kultur Sharea)

[Bideoa] Kontzientzia hartze baten istorioa kontatzen du Leire Vargasen ‘Dena ametsa den irudipena’ poema liburuak

Gazte baten noraezak, barne-minak eta egokitu ezinak ageri dira poema sorta honetan: lehenik bere buruarekin, horren ostean gizartearekin, eta azkenik bikote barruan. Lan honekin aurtengo Irun Hiria literatura saria irabazi du idazleak.

Dena ametsa den irudipena da Leire Vargasek (Durango, 2002) kaleratu duen lehen poema liburua. Idazle eta bertsolaria hamahiru urte inguru zituenean hasi zen poemak idazten. Liburuan dauden poemarik zaharrenak, berriz, hamasei urterekin idatzi zituen. Vargasek nahiko era inkontzientean hasi zela idazten kontatu du, eta, gerora, “nik neuk ere gehiago irakurtzen nuen heinean eta asmo handiagoa jartzen saiatzen nintzen heinean konturatu nintzen bazegoela hor egin nezakeen zerbait”, adierazi du.

Egileak hiru ataletan banatu ditu liburuak biltzen dituen 40 poemak: Zuloak, Ateak eta Zubiak: Aurrenekoa fisikoki hartzen dugun lekuaren inguruko kontzientzia hartzea izango litzateke. “Gure fisikotasunaren, gorpuztasunaren eta gizatasunaren kontzientzia hartzea eta hor sortzen diren gatazkak. Gure itxura eta gorputza bat delako eta horrek eragiten duelako munduan hartzen dugun lekuan eta tratatzen gaituzten eran. Hor, gainera, zer esan gutxi daukagu”, azaldu du Vargasek.

Bigarrena politikoki eta ideologikoki hartzen dugun lekuaren eta daukagun erantzukizunaren inguruko kontzientzia hartzea da. “Ideologia eta pentsaera zehatz bat izatearen eta harekiko koherentziaz jardutearen arteko gatazka etengabearen azaleratze bat da”.

Hirugarrenak pertsonen arteko harremanen gaineko kontzientzia hartzeaz dihardu, “bertan nola jokatzen dugun inertziaz eta subjektu horrek non kokatu nahiko lukeen”. Atal honetan, “besteekiko dugun menpekotasun saihestezinak eragiten dituen gatazkak azaleratzen dira”.

Zabaldu: