[BIDEOA] Landako gunean erritmo bizian ari dira eskari guztiak jaso eta banatzen

Azokako hirugarren egunean Gatibu, Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda egongo dira Plateruenako eszenatokian, besteak beste. Landakon, bere aldetik, ipuin kontalariak, literatur solasaldiak eta mahainguruak egongo dira.

Durangoko Azokako bigarren eguna izan da gaurkoa eta erritmo bizia izan da Landako Guneko biltegian egun osoan zehar. Goizetik hasita mugimendu handia egon da online dendako biltegian, eta liburu, disko eta bestelako produktuak kutxetan sartzen ibilbi dira biltegiko langileak. Gaur bertan heldu dira lehenengo kutxak kulturzaleen etxeetara.

Landako Guneko biltegian atsedenik ez hartzeko astirik egon ez den bitartean, egitarauak jarraitu du Landakon bertan eta baita Plateruenan ere. Hainbat ekitalditan sarrerak agortu dira, adibidez, ipuin kontalarien kasuan edo Amorante, Liher edo Bulego taldeen kontzertuetan. Kontzertu guztiak webgunean jarrai daitezke streaming bidez.

Biharko eguna ere ekitaldiz josita egongo da, Durangon zein Durangotik kanpo. Eguna Zugaza Zinemetan hasiko da. Bertan iragarriko da zein proiektuk eskuratu duen Durangoko Azokako hirugarren sormen beka, ikus-entzunezko gaiekin lotuta. Ondoren, eguneroko egitaraua hasiko da Azokako espazio bietan.

Landako Gunean, egunero bezala, familientzako jarduerak egongo dira egunaren hasieran. Besteak beste, “Bartoxeko Olentzero“, Galtzaundi, Galtzamotz eta Galtzajario, Laino txiki, egizu negar poliki eta Xabier Lete ttiki ipuinak aurkeztuko dira. Ondoren, Euskal literatura sorkuntza: eta orain zer? mahainguruan Uxue Alberdi, Iñigo Astiz, Karmele Jaio eta Idoia Santamaria arituko dira. Literatur solasaldietan Joseba Gabilondo, Yurre Ugarte, Jule Goikoetxea edota Josu Ozaita idazleak egongo dira.

Horrez gain, online dendan salgai dauden hainbat produktu ere aurkeztuko dira: Hemendik liburu berezia (Euskal Herriko 50 objektu ikonikoen istorioak), Arantzazuko egutegiak 75 urte bete dituela edota 40 urte dituzten Pott tropikala aldizkariak. Eguna Kimuak film laburren proiekzio eta solasaldiekin amaituko da.

Plateruenan Rafa Rueda, Gatibu, Mikel Urdangarin, Mila Modu, Aguxtin Alkhat, Addar, Basabi, Fufu eta Patxuko Nice arituko dira.

Bigarren egunez, Durangotik kanpo ere ekitaldiak egongo dira bihar: Atarrabian Kaleko Urdangak eta Perlata; Donostian Dena eta Habi; Gasteizen Brigade Loco eta Barne Guda. Horiek guztiak ikusteko sarrerak agortuta daude. Haatik, honako kontzertuetarako sarrerak eros daitezke oraindik: Amurrion Izatefaltsua eta Rodeo; Ondarroan Dupla eta Nikotina; eta Bermeon Gatom eta J Martina.

Zabaldu: