[BIDEOA] Maddi Ane Txoperena da aurtengo Igartza sariaren irabazlea

Ez erran inori eleberri proiektuarekin jaso du Txoperenak 23. edizioko Igartza saria, idazle gazteei beren proiektua garatzeko ematen den beka da eta Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute.

XXIII. Igartza Literatura Beka sariaren edizioko irabazlea Maddi Ane Txoperena (Hendaia, 1994) dugu Ez erran inori proiektuarekin, hala erabaki baitu Ana Jakak, Irati Jimenezek eta Garazi Kamiok osatutako edizio honetako epaimahaiak.

Igartzako jauregian Covid-19ak eragindako babes neurriekin egindako ekitaldian, idazleak proiektuaren kontakizuna zertan datzan aurreratu du; umetan sexu-abusuak jasandako neska baten (Lide) istorioa kontatzen du: gertakari hori barruan lozorroan gorderik eduki ondoren hainbat urtez, piztia ernatzen zaio eta mina berpizten. Erruduntasun-sentimenduek eta autoestimu-faltak jazarrita, sexuan hartu nahiko du babesa: harreman korapilatsuetan, lagunarte konplikatu batean.

Txoperenak proiektuarengatik 6.000 euroko sariaren erdia eta garaikurra jaso ditu sariaren ordezkarien eskutik eta urte beteko epea izango du liburua amaitzeko. Pasa den maiatzean, Gazteluma bekari esker, Ene baitan bizi da nobela laburra argitaratu zuen idazleak eta sari honi batu zaio orain, Igartza Literatura Beka.

Ekitaldi berean, iazko irabazleak, Irati Goikoetxea Asurabarrena beasaindarrak, Herriak ez du barkatuko lana entregatu ostean diru sariaren bigarren zatia jaso du eta datorren urteko otsailean aurkeztuko da liburua.

Zabaldu: