[BIDEOA] Pauline eta Juliette bikoak ‘Veloma’ izeneko diskoa kaleratu du

Gaurkotasuna duten gaiak jorratu dituzte Lapurdiko musikariek: ekologia eta Amazoniaren desagertzea, sare sozialak, emaztetasuna, amodioa eta Madagaskar herria, besteak beste.

Pauline Junquetek (Kanbo, 1994) eta Juliette Alfonsok (1998, Mananjary, Madagaskar) bere bigarren diskoa aurkeztu dute Veloma izenpean. Folk eta Afrikar doinuak dira nagusi disko berriaren hamabi kantuetan, horietatik zazpi taldeak sortutako kantak dira.

Hitzei dagokienez, gaurkotasuna duten gaiak jorratu dituzte Lapurdiko musikariek: ekologia eta Amazoniaren desagertzea, sare sozialak, emaztetasuna, amodioa eta Madagaskar herria, besteak beste. Diskoaren sortze prozesuan Izaro Andres izan dute alboan, “Mallabiako kantariak opari ederra egin digu Borrokatu eta eman kantuan”, adierazi du Alfonsok.

Junquetek eta Alfonsok duela sei urte ezagutu zuten elkar oholtza gainean, eta handik eta denbora gutxira, euren ahotsak eta gitarrak batu eta errepertorio komun bat sortzen hasi ziren. 2015ean, Eskilarapeko Soinuak izeneko formatu txikiko kontzertuak eskaintzen hasi ziren. Geroztik hamaika kontzertu eman dituzte Euskal Herrian zehar.

Bikoak 2017an kaleratu zuen aurreneko diskoa Hegaldaka izenpean eta Iparraldeko Hitzari kontatu diotenez, “ez genuen deus ere ezagutzen musika munduan: soinua, tresnak, harremanak, eszena… Gazteak ginen”. Lehen lan horretarako, Anje Duhalde eta Thierry Biskari musikariek eta Maddi Sarasua eta Amets Arzallus bertsolariek kolaboratu zuten.

Hasieran kantu guztiak ingelesezko bertsioak baziren ere, gaur egun gehien bat euskaraz abesten dute Junquetek eta Alfonsok. Euskal kultura gustuko dute, nahiz eta hizkuntzen arteko nahasketa ere maite duten.

Zabaldu: