(argazkia: Erein)

[BIDEOA] Ramon Saizarbitoria neska gazte baten azalean jarri da ‘Miren eta erromantizismoa’ eleberrian

Ezohiko aurkezpena egin du Ramon Saizarbitoriak Miren eta erromantizismoa (Erein) nobela berria aurkezteko; gaztez inguratuta azaldu ditu liburuaren nondik norakoak, Donostiako Usandizaga institutuan.

Aurten, 40 urte bete dira idazleak aurreneko eleberria idatzi zuenetik, “24 urterekin zahar baten ahotik zerbait kontatzea otu zitzaidan”, duela bi urte, 73 urterekin, berriz, neskato baten ikuspegitik gauzak kontatzeko nahia eta gogoa sentitu zuen Saizarbitoriak. Aitortu duenez, erreza eta atsegina izan zaio neska gazte baten azalean jartzea.

Argi utzi du, hala ere, ez duela kolektibo batentzako idazten, “nobela bati ekiten diodanean, ez dut irakurle konkretu bat buruan, ez dut gazteentzat idazten, ez dut zaharrentzat idazten…”, batez ere berarentzat idazten duela eta genero sailkapenak ere ez zaizkiola gustatzen nabarmendu du egileak, “ez nuke esango gazteentzako nobela bat idatzi dudanik, nobela bat idatzi dut eta ahalegindu naiz gazteentzat interesgarria egiten”.

Eleberria ikasgelara iritsi beri den mutil marokoar batekin hasten da. Said mutil azkarra eta atsegina da, eta gainera guapoa. Bigarren batxilergoko neska guztien begiak harentzako dira. Klarak bereganatu du mutila. Maitemintzea (eta maitatzea) sakrifizio eta sufrimenduarekin batzen dituen estereotipo patetikoenean elikatzen da Klara. Maitasun erromantikoa, zenbat frustrazioren iturri!

Mirenek ez du gustuko guapoa delako, edo ez horregatik bakarrik. Said pertsona inteligentea eta adeitsua da, eta gainera atsegin zaio. Pertsona sentibera iruditzen zaio Mireni, eta hori bai estimatzen duela berak, Klararen konbentzionalismo klasista eta arrazistatik urrun. Mirenen hiztegian, ordea, zintzotasuna, laguntasuna, tolerantzia eta askatasuna esangura handiko balioak dira, eta bere egiten du Literaturako irakasleak iradokitakoa, alegia, batzuetan ez dagoela beste erremediorik, baina ez garela jaio sufritzeko. Bere alde du Erromantizismoaren alderik onuragarri eta ederrena. Daukaguna eta garena hobetzeko errebeldia eta aspirazioa. Maitasunaz eta bizitzaz ari zaigu nobela; eta bide horretan sentsibilitatearen heziketak (eta arteak) eskain dezakeenaz.

(Bideoa: Erein.eus)

Zabaldu: