Pettik 25 urteko ibilbidean ondutako abesti rockero eta potenteenak biltzen dituen zuzeneko diskoa plazaratu du. XX ta bortz urte zuzenean du izena lanak eta Elkar argitaletxearen eskutik ikusi du argia.
25 urte bete dira Petti musikari eta abeslariak bakarkako lehen diskoa argitaratu zuenetik. Urteurrena ospatzeko, ibilbide luze horretan sortutako abesti rockero eta potenteenak biltzen dituen zuzeneko diskoa aurkeztu du gaur, Donostian, Elkar argitaletxearen eskutik.
Hasiera batean estudioko disko bat kaleratzea izan zen musikari nafarraren asmoa, baina egungo egoerak zuzeneko diskoa ontzera eraman zuen: “estudioko disko lasai bat argitaratzea baino, egokiagoa iruditu zitzaidan zuzeneko disko potente bat ateratzea, orain, gizartean, munduan… bizitzen ari garen egoeraren kontra zarata eta garrasi pixka bat egiteko”, adierazi du.
Diskoa zuzenean grabatzeko hiru kontzertu eman zituen Ataunen, Beran eta Hondarribian. Horretarako, Etxeko Uzta bandako kideez inguratu zen: Joseba Irazoki (gitarra), Ruben Caballero (gitarra), Iñigo Telletxea (baxua) eta Igor Telletxea (bateria). Horretaz gain, Estitxu eta Jokin Pinatxo ere ondoan izan ditu Pettik.
Zuzeneko horiek grabatu ostean, entzunaldiak antolatu zituzten estudioan eta Hondarribian grabatutakoa izan da argitaratzeko hautatu dutena. Martxoan bertan edizioekin eta nahasketekin hasi ziren eta emaitza gaur aurkeztu duen lana da.
Guztira errepertorioko hamazazpi kantu bildu ditu binilo bikoitz eta CD formatuetan. Plataformei dagokienez, Berako musikariak diskoa Spotifyn ez jartzea erabaki du, Palestinarekin elkartasun keinu gisa.