Liburuaren helburua artistaren lana ezagutaraztea da, sormena pizten duen joko artistiko baten bitartez. Valverde pinturan ere ibili zen arren, album honek kutxen bitartez sortutako lanari eskaintzen dio arreta.
Maialen Lujanbiok (Hernani, 1976) eta Arrate Rodriguezek (Orereta, 1984) Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu? album ilustratua aurkeztu dute gaur Donostian. Elkarlanetik sortutako proposamen hau Rosa Valverderen (Donostia, 1953. Azkaine, 2015) artelanetatik abiatzen da, liburuaren helburua artistaren lana ezagutaraztea da, sormena pizten duen joko artistiko baten bitartez. Valverde pinturan ere ibili zen arren, album honek kutxen bitartez sortutako lanari eskaintzen dio arreta.
Irakurleak kutxa propio bati forma emateko ideiak eta gomendioak topatuko ditu liburuan zehar, objektuen arteko konbinaketak eskaintzen dituen aukerak erabiliaz.
Lan berri hau Pamiela argitaletxearen Bagara sailaren hirugarren alea da. Bagara emakume artisten ezagutza helarazteko asmoz sortu zen. “Artista hauen gaineko ezagutza transmititzeko beharra agerikoa denez, haurrei zuzendutako albumak eraginkorrak eta jostagarriak egitea da helburua”, azaldu dute argitaletxeko kideek. Baina ez dira horientzat bakarrik, umeekin egiten duten irakurketaren bitartez, gurasoei ere beste erreferentzia batzuk emateko asmoarekin eginak daude. Sormen lan hori gaur egungo euskal idazle eta ilustratzaileen eskutik egiten ari da. Hauek ere emakumeak.