(argazkia: Zart Kolektiboa)

[BIDEOA] Sara Azurzak maitatzearen beharra aldarrikatu du bere disko berriaren aurrerapen kantan

Abeslari donostiarrak Uste ustelak singlea aurkeztu du gaur, Gartxot Unsainen kolaborazio bereziarekin. Andoni Clavok eta Paula Egusquizak zuzendu dute bideoklipa.

Uste ustelak da Sara Azurzaren single berria eta datorren urtearen hasieran kaleratuko duen Hemen berriro diskoaren lehen aurrerapen kanta da.

Abesti berri honetan, Gartxot Unsain euskal artistak ere kolaborazio berezia egin du, eta gaur egungo aurreiritzi, balio eta ohituren aurkako erreakzio batetik sortutako abestia da. “Uste ustelak abestiaren helburua da maitasuna eta maitatzea (modu ezberdinetan) aldarrikatzea, funtzionatzeko modu gisa. Geroz eta indibidualistagoa den gizarte batean, non errealitate desberdinak pertsonen atzean ezkutatzen diren, maitatu egin behar da”, azpimarratu du Azurzak.

Kanta freskoa da, ahaztu ezin diren erritmo eta lelo itsaskorrekoa, eta horrek entzulea gonbidatzen du abestia bera positiboki eta kezarik gabe jasotzera.

“Zalantzarik gabe, hurrengo urtearen hasieran Azurzak Euskal Herrian pop-soulari ateak irekitzeko asmoz argitaratuko duen album iraultzaile honetan aurkituko dugunaren adibide bikaina” dela dio Zart kolektiboak. Urte berriaren hasieran hasi eta 2023an, urte osoan luzatuko den birari izena emango dio Hemen berriro diskoak ere.

Andoni Clavok eta Paula Egusquizak zuzendutako bideoklipa abeslariaren youtubeko kanalean dago eskuragarri eta abestia plataforma digital nagusietan entzun daiteke.

Zabaldu: