Orotara zortzi ipuin bildu ditu itzultzaileak, eta gaien aldetik era guztietakoak daudela azaldu du.
Herbert George Wells (1866-1946) idazle eta filosofo bretainiarra 1884an ekin zion ipuinak idazteari, eta 27 urte beranduago liburu formatua emanda argitaratu zituen. Orain, berriz, haren ipuinen aukeraketa bat egin eta horiek euskaratu ditu Joxe Mari Berasategik Ateko horma eta beste ipuin batzuk (Elkar) liburuan.
Orotara zortzi ipuin bildu ditu itzultzaileak, eta gaien aldetik era guztietakoak daudela azaldu du. Bere ustez, idazle bretainiarraren “irudimenaren eta heziketa zientifikoaren ikusgarri bikaina” dira ipuinok. “Ondoko musika bezala, denetan nabaritzen dira bere kezka sozialak, giza izaeraren gainekoak eta gizarte antolaketaz zituenak”.
Wellsek ipuinekin “munduko punta batetik bestera” eramango gaituela dio Berasategik, “guztia idazkera argi, zehatz eta, aldi berean, landu batekin”.
Hormako atea da bilduma honetako lehen istorioa eta liburuari izenburua ematen diona. Honetan politikari garrantzitsu batek bere damua eta samina adierazten dizkio lagun bati, umetan lorategi miragarri bat deskubritu baitzuen kalerik kale zebilela, baina harrezkero ezin izan baita bertara itzuli: bila ibili zenean topatu ez zuelako, eta ezustean lorategiko atearekin topo egin zuenetan, bere aferekin presatuegi, zeharkatu ez zuelako.
Itsuen herrialdea da azken kontakizuna. Ande mendien artean ezkutaturiko haran sekretu bat azalduko zaigu honetan; bertako biztanleek, denboraren joanean, ikusmena galdu zuten, baina, belaunaldiz belaunaldi, ikusmena zer zen ahaztu ere bai, eta bere bizimodurako gaitasun berriak garatu; harik eta mendizale galdu bat iristen den arte, kanpoko mundutik, bere bi begi zabalduekin…
(Bideoa: Elkar)