(argazkia: Patxi Gaztelumendi)

[BIDEOA] Willis Drummond taldeak ‘Hala ere’ diskoarekin betiko soinu berritua dakar

70. hamarkadako moldean, 90. hamarkadako estiloa 2022ko estudio berri batean grabatutako lana da.

“Lau lagun gira berriz” esanez aurkeztu du Xan Bidegain baxu-joleak, Willis Drummond taldeko gitarra-jole berria: Vincent Bestaven. Musikari eta pertsona ona delako da orain beraiekin taldean. Garai bereziendako kontzertu berezia bira egin zutenean, aldamenean izan zuten Botibol taldetik ezagutzen dugun baionarra, eta ostean, elektrikoan aritzeko ere taldean jarraitzea deliberatu dute. Estudioko grabaketan izan da, zuzenekoetan arituko da eta laugarren kidea izango da aurrerantzean, teklatuak eta gitarrak jotzen.

Hala ere lan berria aurkeztu du Willis Drummond taldeak Bilboko kafe antzokian. Diskoaren aurkezpena, azken bi bideoklipak eta bi kantako showcase txiki bat egin dute, jendaurrean. Birari ere Bilboko kafe antzokian emango zaio hasiera azaroaren 26an, eta ostean, egonaldi bat egingo dute Miarritzeko Atabal aretoan, abenduaren 2an, zuzeneko indartsu bat eskaintzeko, Orbel eta Lumirekin batera. Lapurdiko eszena bizi bizi dagoenaren seinale.

Disko hau Johaness Buffek Aturri ibaiaren aldamenean, Tarnosen, antolatu duen Shorebreker estudioan landu dute. Willis Drummond taldeak ere, estudioan bertan antolatu du bere entsegu lokala, eta beraientzat oso erraza eta aukera ederra izan da, estudioan entseguak egin, eta soinua bertan erregistratu eta grabatzea. Johaness Buff -Felix bateri-jolearen anaia gainera, aspaldiko ezaguna dute, eta erraz lortu dute nahi zuten soinu hori, eta horregatik, grabaketa ere zuzenean egin dute lau taldekideek batera, gero ahotsak eta detaile txiki batzuk gehitzeko. Gitarra doinuren bat, teklatu zenbait, konponketa batzuk.

Estilo berritua

Jurgi Ekiza kantariaren hitzetan “grunge, rock&rolla, Australiako soinua eta indie rocka nahasten” ari dira. Lokalean sartu eta hasierako emaitzak onerako “harritu” zituen taldekideak, eta grabazioan “energia hori mantendu” eta bere horretan plazaratu nahi zutela deliberatu zuten. Eta denek batera, gela berean grabatu zuten diskoa Tarnoseko Shorebreaker estudioa. Lan moldea vintage horrek baina, asetu eta laketu ditu taldekideak, eta garai bateko soinua eta grabaketa moldea bada ere, alde moderno eta garaikidea ere zaindu dute. Letrak dira horren adibide. “Bizitzen ari garen mundua islatu nahi dugu gure hitzekin, gure kontraesanak eta gure kezkak”.

“Mundua aldatu nahi genukeenok ere, kontraesanez betetzen gara, diskoaren tituluak kontraesan hauek laburbildu nahi ditu: Hala ere.

Vincent Bestaven taldekide berriak eta Felixek kanta batzuk proposatu eta idatzi dituzte, eta gero, Ekizak euskaratu ditu letrak. Gainontzekoak ere bereak dira. Izan ere, taldekide bakoitzak bere proposamena eramaten du lokalera, eta gero abestiak guztien artean amaitzen dituzte. “Prozesu amankomuna da gurea, kolektiboa” gaineratu du Ekizak.

Beraien musika, Willis Drummond taldearen abestiak “gure artean ditugun solasaldien isla da”, gaineratu du Jurgi Ekizak. Badira 20 urte kolektibo gisa funtzionatzen dutela. 2007. urtean plazaratu zuten lehen lana, eta geroztik elkarrekin bizitzen ere izan dira, ez soilik kontzertu eta bira garaian, baizik eta etxe batean ere batera bizi ziren sasoi baten. Egun beraien proiektua “kooperatiba baten gisan” kudeatzen dutela azpimarratzen du taldeak.

Diskoa kaleratu aitzin, bi bideolan pantailaratu ditu taldeak. Urriaren 4an, Bidasoa ibaian eta Lapurdin bizitza galdu duten lagunei Bidasoa abestiarekin osatu zuen Francois Devulder FVA zuzendari frantziarrak. Gauzak bideokliparen egilea, berriz, Imanol G. Gurrutxaga adiskidea izan da.

Zabaldu: