Kameratoia lehiaketaren 16. edizioan parte-hartzeko, azaroaren 7ra arte egongo da izena emateko epea zabalik.
Euskal Zine Bilera jaialdiarekin batera antolatzen den Kameratoia, euskarazko ikus-entzunezko rally-a, azaroaren 13tik 15era egingo da aurten. Antolatzaileek iragarri dutenez, edizio berri hau sorpresaz beterik egongo da, izan ere, lehiaketa online bidez gauzatuko da eta Aitor Arregi (La trinchera infinita, Loreak, Handia…) zinemagileak “oso leku berezia” izango du lehiaketa osoan zehar. “Parte-hartzaileen gidaria eta baita lanen epailea izango da Izibene Oñederra (Lursaguak) zuzendariarekin batera”.
Egoera berezi honen aurrean, antolakuntzak aldaketa batzuk ezarri behar izan ditu osasun neurriak betetze aldera. Izen-ematea webgunearen bitartez egin beharko da, baina, aurten, parte-hartzaileak ez dira Lekeitiora hurbildu behar izango, “nahi duten tokian grabatu dezakete film laburra azaroaren 13tik 15era”, azaldu dute.
Ohikoa den moduan, antolakuntzak gaia eta ezaugarri batzuk argitaratuko ditu ostiralean, webgunean bertan, eta parte-hartzaileek 36 orduko epea izango dute ideia garatu, grabatu eta muntatzeko. Igandean, berriz, eguerdiko 12:00ak baino lehen ikus-entzunezkoak e-mail bidez bidali beharko dira.
Horretaz gain, azaroaren 16tik 19ra bitartean, film labur guztiak Euskal Zine Bilera jaialdiaren webgunean egongo dira ikusgai, publikoak gustuko duenaren alde bozkatu ahal izateko. Kameratoiaren irabazleak azaroaren 22an ezagutzera emango dira, jaialdiaren itxiera ekitaldian.
Film labur onenak 1.000 euro irabaziko ditu eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen dituen DemaSA lehiaketa eta Laburbira zirkuiturako sailkatuko da. Bigarrenak 600 euro jasoko ditu, eta boto gehien jasotzen duenak Publikoaren Saria irabaziko du: 100 euro eta Lekeition asteburu bat.
Aitor Arregi aholku lanetan
Aurtengo Kameratoian Arregik oso modu berezian parte hartuko duela iragarri du antolakuntzak, izan ere, parte-hartzaileen gidari eta aholkularia izango da. Edizio berri hau aurkezteaz gain, arlo honetan bizi izandako esperientziak eta lehiaketa honetarako aholkuak partekatuko ditu parte-hartzaileekin batera, lehiaketa baino egun batzuk lehenago. Era berean, parte-hartzaileek ere galderak egiteko aukera izango dute.
Horretaz gain, Izibene Oñederra zuzendariarekin batera edizio honetako film labur guztiak baloratu eta 1. eta 2. sariak banatuko dituzte, jaialdiaren itxiera ekitaldian.
Lehiaketan parte hartzeko, hemen.