Bihar abiatuko da Donostiako Liburu Azoka

Gipuzkoa plazako Liburu Azokan liburu denda, argitaletxe eta banatzaileen nobedadeak salgai egongo dira. Horretaz gain, Toti Martinez de Lezearen NUR pertsonaiaren panpinarekin ekitaldiak egongo dira, baita liburu sinadurak ere.

Bihar, uztailak 4, Donostiako Liburu Azokaren 50. edizioa hasiko da Donostiako Gipuzkoa plazan, eta zabalik egongo da uztailaren 13ra arte. EAEko Liburu Ganbarak antolatzen duen azoka honetan liburuak erakusgai eta salgai egongo dira, 20 postutan. Gainera, postuetako batean erakusten diren liburuetan Lauaxeta eta Gabriel Aresti idazleak izango dira protagonistak. Izan ere, aurten Aresti hil zela 50 urte bete dira eta 120 Lauaxeta jaio zela. Azokaren ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da.

Horretaz gain, Liburutegi Nagusiko Konstituzio plazako Mandasko Dukearen aretoan liburu aurkezpen hauek egongo dira: gaur, uztailak 3, 11:00etan Azokaren aurkezpena. Ondoren Lorik egiten ez dutenak NASH, Miren Arratibelek euskaratu duen Dolores Redondo lanaren itzulpenaren aurkezpena. Idazlea eta itzultzailea bertan egongo dira, Inazio Mujikarekin solasean.

Bihar, uztailak 4, 10:30ean, Iñaki Dorronsorok Azpijokoa Azpiazun liburua aurkeztuko du Erein argitaletxearen eskutik.

Uztailaren 9an, asteazkena, 10:30ean, Gaua harago bultzatuz aurkeztuko dute Mario Calabresi idazleak eta Lurdes Auzmendi eta Koldo Biguri itzultzaileek.

Azokan bertan, uztailaren 10ean, 12:30ean, Pamiela / Kaxilda postuan, 3 urtetik aurrerako haurrentzat eta familientzat, ipuin kontaketa eta tailerra egongo da. Kaxilda liburu-dendan ere liburu aurkezpenak egongo dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna