(argazkia: Euskadiko Filmategia)

Bihar abiatuko da Donostiako ‘Zinema eta Zientzia’ zikloa

Martxora bitartean 11 film proiektatuko dituzte Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan.

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center‐ek eta aurten lehenengo aldiz Donostia Zinemaldiak elkarlanean antolatutako Zinema eta Zientzia zikloaren hirugarren edizioa aurkeztu dute. Hala, bihartik, urtarrilak 10, martxora bitartean interes zientifiko handiko hamaika film proiektatuko dituzte Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederen Museoan. Iragarri dutenez gainera, saio guztietan, izen handiko zientzialari bat arduratuko da filma aurkezteaz eta proiekzio bakoitzaren osteko hitzaldia gidatzeaz.

Zikloa Pedro Miguel Etxenike fisikaria, EHUko katedraduna eta DIPCko presidenteak, irekiko du bihar, Ágora (Alejandro Amenábar, 2009) filmaren aurkezpenarekin. Antzinaroan dago kokatuta filma eta ezaguera zientifikoa aurkitzeko prozesua kontatzen du, Hipatia ezagutzera eman zen lehendabiziko emakumezko astronomoa eta zientzialaria ardatz hartuta. Proiekzioa baliagarria izango da, beste zenbait konturen artean, zientziaren historiari buruzko edota emakumeak zientzian izan duen lekuari buruzko eztabaida pizteko; baina baita zientziaren eta erlijioaren, edota zientziaren eta Jainkoaren arteko betidanik konplexuak izan diren harremanak aztertzeko ere.

Hauek dira proiektatuko dituzten gainerako filmak: Gilda (Charles Vidor, 1946), Gattaca (Andrew Niccol, 1997), Proxima (Alice Winocour, 2019), Her (Spike Jonze, 2013), Autómata (Gabe Ibáñez, 2014), The Tree of Life (Terrence Malick, 2011), X: The Man with the X-Ray Eyes (Roger Corman, 1963), Frau im Mond (Fritz Lang, 1929), Awakenings (Penny Marshall, 1990) eta Ad Astra (James Gray, 2019).

Zinema eta Zientzia zikloaren aurtengo edizioa bestalde, hainbat berritasun izango ditu, hala nola zientziaren alderdi desberdinak jorratuko dituzten bost hitzaldi, ikastetxeei zuzendutako proiekzioak, zuzeneko musika izango duen emanaldi bat eta Donibane Lohitzunen egingo den ekitaldi berezi bat.

2017an ekin zioten DIPC (Donostia International Physics Center) eta Euskadiko Filmategia elkarrekin hiru hilabeteko programazio bat osatzeari. Garai hartan baina, ez zuten inondik ere pentsatu 2020an hirugarren ediziora helduko zirenik. Hala izan da eta edizio berri honetarako gainera, Donostia Zinemaldia gehitu zaie. “Honen guztiaren abiapuntua partekatzen genuen ideia bat izan zen: kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzea. Pelikulen aurkezpenak eta zientzialariekin izaten ditugun proiekzio osteko solasaldiak gure misioaren oinarrizko formula dira”.

Sarrerak

Zinema emanaldietarako sarrerak 3,50 euroan egongo dira salgai. Bilbon, museoko leihatilan edota www.museobilbao.com webgunean erosi daitezke; 2 euroan Museoaren Lagunentzat eta doan izango dira 25 urtetik beherakoentzat (museoko leihatilan jaso behar dira sarrerak). Donostian, Tabakalerako Informazio Puntuan, zinemako leihatilan (proiekzioa hasi baino 30 minutu lehenago) eta interneten hemen egongo dira salgai, eta % 10eko deskontua izango dute Tabakalera edota Donostia Kultura txartelak dituzten ikusleek.

Proiekzio berezi bat aurreikusi da ziklo honetan: zuzeneko musika izango duen La mujer en la luna (Fritz Lang, 1929) filma ikusteko sarrera 7 euro balioko du bi hiriburietan (4 euro Bilboko Arte Ederren Museoko Lagunentzat). Hitzaldietarako sarrera, berriz, doan izango da (aretoa bete arte).

Programa osoa hemen.

Zabaldu: