Maite Larburu musikari hernaniarra ostiralean igoko da oholtzara

Bihar abiatuko da Guitaralde jaialdia Hendaian

Larunbatera arte luzatuko den festibal honetan blues, folk eta musika klasikoa entzuteko aukera egongo da. Talde eta bakarlarien artean Maite Larburu, Robben Ford, Thomas Fersen, Pablo Garayoa, Diane Tell edota Jade Duo, besteak beste, izango dira taula gainean.

Gitarra doinuz bustiko da Hendaia datozen egunetan, Guitaralde jaialdiaren hamabigarren edizioarekin. Musika tresna eklektikoa da gitarra eta horrek edozein estilotako talde eta bakarlari jaialdi honetara gonbidatzea ahalbidetzen du. Hendaiako Herriak, Hendaia Turismo eta Merkataritzarekin eta Guitaralde elkartearekin elkarlanean antolatzen du ekimena urtero. Aurten lau egunez luzatuko da jaialdia eta kontzertuak hainbat agertokitan izango dira.

Hamabigarren edizio hau bihar, hilak 5, abiatuko da Paco de Lucia, Leyenda del flamenco dokumentalaren emanaldiarekin, Les Varéités zinema aretoan, arratsaldeko 18:00etan. Ondoren, Pablo Arrieta eta Ecayren kontzertua izango da.

Ostegunean, Duo Jaderen txanda izango da Errepublika plazan, 20:30etik aurrera. 21:30ean, berriz, Alysce, Moh Kouyate eta Patrick Manouguian gitarristak ariko dira Gaztelua aretoan.

Ostiralean, Musikenerekin elkarlanean antolatutako saioan, Pablo Garayoa gitarra jotzailea arituko da Abadia gazteluko kaperan. Ondoren, Maite Larburu eta Rubben Forden zuzenekoekin gozatu ahal izango da Gaztelu Zahar pilota plazan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Jaialdiari amaiera emateko, Uztailaren 8an, larunbata, Relais Thalassoko terrazan Jerome Sousak joko du 19.00etan. Ondoren, Diane Tell abeslari kanadiarra igoko da Gaztelu Zahar pilotalekuko oholtzara. Bertan izango dira baita ere JM Ecay gonbidatu berezi gisa eta Thomas Fersen.

Zabaldu: