Bihar abiatuko da IrriZiklo euskarazko umore zikloa, Iruñean

Apirilaren 6ra arte izango dira emanaldiak, Nafarroako Antzerki Eskolan.

Martxoaren 9tik apirilaren 6 bitartean IrriZiklo izeneko euskarazko umore zikloa antolatu dute Iruñean. Orotara formatu txikiko bost obra biltzen ditu egitarauak eta denak asteazkenetan taularatuko dituzte, arratsaldeko 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan.

Xentimorik Gabe taldeak irekiko du zikloa, bihar, martxoak 9, Gu primer! antzezlanarekin. Obrak artistak eta musikariak diren bikote baten istorioa kontatzen du. Inazio eta Ramon Parisen bizi dira, artistaren etxean. Bertan lanean hasi berri den Nereak, “programa” berezi bat prestatu du bi lagunentzat: kontzertu sorta eskainiko dute eta bere errepertorio eta bizipenak kantu-kontatuko dituzte. Gaurkoan sekretu handi baten berri emango dute: ez amerikarrak, ez errusiarrak, bi euskaldun izan ziren ilargira iristen lehenak.

Astebete geroago, martxoaren 16an, Xabier Artiedak Everybody Needs Heroes! lana aurkeztuko du Nafarroako Antzerki Eskolako agertokian. Adierazpen fisikotik abiatuta, aktoreak heroiak hartuko ditu abiapuntu gisa, beren bizipenak kontatuz, haiek duten erantzukizun handiarekin jolastuz eta haien irudia umorez berrerabiliz.

Martxoaren 23an Nomofobikak taldearen txanda izango da, Hackerrak lanarekin, robotika, adimen artifiziala, datuen lapurreta masiboa, cookieak edo algoritmoak jorratzen dituen proposamena. Lan falta dela eta, hiru aktoreek robotika aztertzeko inteligentzia artifizialeko proba batzuetan parte hartzea onartzen dute. Probak egin ahala, betebeharra alde batera utziko dute eta ozen adieraziko dituzte haien sentimenduak, eta hitz egingo dute hacker-komando bat sortzeko beharrari buruz eta Interneteko kable oso lodia mozteari buruz.

Eta kiTTorik ez! da Les Bobe-boBe taldeak martxoaren 30ean taularatuko duen lanaren izenburua. Protagonistak hiru ahizpa dira, baina haietako bat hilda dago. Beste biak bikiak dira, bata txepela da eta bestea ere… batzuetan. Sekretu bat dago, izan ere, harreman guztiek dute alde ezkutu bat. Magia eta misterioa nahasten dituen koktel bat da, adierazpenaren bidezko mezu garrantzitsu batekin, hitzek baino pisu handiagoa duena. Umore absurdo eta dibertigarri dosi handiak.

Amaitzeko apirilaren 6an Lehendakari gaia antzezlana taularatuko dute Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreek. Lehendakari izendatu berria bere inbestidura-hitzaldia prestatzen ari da, baina azken orduan arazo larri bat sortuko zaio. Izan ere, ekitaldiak eta diskurtsoa eman beharrak tik arraro, barregarri eta jasanezin bat eragin diote aurpegian, kendu ezina. Arazoa bideratzeko psikiatra bat agertuko da eta ondorioz, bien artean elkarrizketa dibertigarri eta nahasgarri bat sortuko da.

Sarrerak

Ikuskizun bakoitzerako sarrerak txarteldegietan eta Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean daude salgai, 5 euroan, eta ziklo guztirako bono bat dago, 20 euroan.

Zabaldu: