Lau kontzertu, erakusketa kolektibo bat, hitzaldi bat, hiru tailer eta artisautza azoka biltzen dituen egitaraua prestatu dute hilaren 26 eta 27rako.
Tradizioz gizonezkoek okupatutako espazioetan emakume artistei aukerak eta inposiziorik gabeko espazioa emateko beharretik sortu zen M-Fest jaialdia Gasteizen. Aurten hiriko lau gunetan antolatu dituzte ekimenak: Jimmy Jazz Aretoa, Labe Gazte Laborategia, Martin Ttipia Plaza eta Falerina Lorategia.
Jaialdia ostiral honetan hasiko da, gaueko 21: 00etan, Jimmy Jazz Aretoan, Arrasateko Perlata eta Bartzelonako Sandré taldeen kontzertuekin.
Larunbatean, berriz, eguna Martin Ttipia plazan hasiko da artisautza azokarekin. Bertan, 17 artisau izango dira 12:00etatik 20:30era.
Labe Gazte Laborategiak, San Vicente de Paul kalearen 21. zenbakian dagoen gazteentzako sorkuntza gune berriak, bai goizez zein arratsaldez hainbat jarduera jasoko ditu. Goizean zehar, Infumable fanzine galiziarraren sortzaileak hartuko ditu, eta horrelako aldizkariak autoeditatzen duten esperientzia azalduko dute, nola sortu eta nola ezagutarazi.
Arratsaldean, tokiko hiru sortzaileen eskutik hiru tailer eskainiko dira aldi berean. Txapa (Bildotsne Arrizabalaga), estanpazio (Alba Tojo) eta koadernaketari buruzko (Irati Retolaza) tailerrak, hain zuzen. Parte hartu nahi duenak aldez aurretik izena eman beharko du.
Labe Gazte Laborategiak, bestalde, Begiluz argazki erakusketa kolaboratiboa hartuko du. Bertan, Eider Iturriaga argazkilariak kontzertuetan ateratako argazkien atzera begirako bat ikusi ahal izango da, non bisitariek euren aztarnak eta inpresioak utzi ahal izango dituzten.
Erakusketa honekin batera, Ania Saenz de Buruaga eta Carolina Mattos ilustratzaileek elkarlanean jaialdiaren VI. edizioa ospatzeko margotu duten murala egongo da ikusgai.
Jaialdiari itxiera emateko, Madrilgo Heksa eta Zarautz eta Orioko Ginger taldeek punk doinuez beteko dute Falerinako Lorategia, 19:00etatik aurrera.