Emakumea, euskara, sormena, eta migrazioa izango ditu ardatz aurtengo edizioak.
Egun bat baino ez da falta udaberriko Sormene jaialdiari hasiera emateko. Bihar abiatuko da eta igandera bitartean, sormena, euskara eta emakumea oinarri dituen egitasmoak pertsona migranteen begirada gehituko du oraingoan. Ahalduntzea, aurrera egitea, sortzea, transmititzea, eskutik hartzea. Erpin horien inguruan jardungo da sorkuntzen Galdakaoko plaza lau egunetan.
Liburu eta ikus-entzunezkoen arteko orekan aritzen direnei aitortza eginda hasiko da ekitaldi sorta: Booktuber lehiaketaren sari banaketarekin. Ikastetxeetan ondutako ikus-entzunezkoek eta margoek hartuko dute plaza maiatzaren 16an, osteguna, 10:00etatik aurrera Maximo Moreno Musika Eskolan.
Ostiralean, maiatzak 17, pertsona migranteen azalera eramango gaitu kulturak, emakume migranteenera batez ere, ikus-entzunezkoak eta irakurketa txalupatzat hartuta. Hala, 10:00etan Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 dokumentala ikusteko aukera izango da Torrezabal Kultur Etxeko areto berrituan. Bertan, Alaine Aranburu dokumentalaren zuzendariorde eta Harrera Sareko aktibista denak egingo du aurkezpena. Ondoren, Amets Arzallusek Ibrahima Balderekin batera ondutako MiƱan liburuaren irakurketari ekingo dio, udal ordezkari bik emango diote jarraipena irakurketari, eta ikasleek hartuko dute ondoren lekukoa; Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegikoek, eta Barandiaran euskaltegikoek. Alaine Aranbururekin eta Amets Arzallusekin hitzaldia eta mahai-ingurua izango dira jarraian, hiru ertzetan indar eginda: beldurra eta itxaropena; adiskidetasuna; eta emakume etorkina.
Ondoren, musikaz gozatzeko parada izango da. Sormeneri musika jarri dion Andoni Mendoza Estrellak zuzenean aurkeztuko du abesti berria, Elexaldeko Basoa tabernan, eta, ondoren, La Basuren kontzertua izango da.
Larunbat eguerdian, hitzek hartuko dute Muguru parkea. Artelan kolektiboa izango da, 3.000 galdakoztar baino gehiagoren artean egina. Euskarazko hitz gustukoenak euri tantetan idatziko dituzte parte-hartzaileek, eta elkarri lotuta zintzilikatuko dituzte tanta guztiak parkean, zuhaitz artean.
Dantzarako unea ere izango da larunbat arratsaldea. Aiko dantza taldeak helduentzako tailerra eskainiko du Kurtzeko plazan 18:00etan, eta erromeria izango da ondoren.
Antzerki musikal satirikoak itxiko du 2024 udaberriko Sormene: Maria Rivero eta Itxaso Paia antzezle dituen eMcumeak lanak. Emakume sortzaileen egunerokotasun prekarioa salatzeko lan musikatua maiatzaren 19an, igandea, izango da Torrezabal Kultur Etxean, 19:00etan.