(argazkia: Umbra Light Jaialdia)

Bihar abiatuko da Umbra Light jaialdia Gasteizen

Umbra Light Festival argi jaialdi bat da, Gasteizen urtero argirik gutxieneko egunetan antolatzen dena. Jaialdiak formatu handiko argi eskulturak eta mundu osoko artistek diseinatutako proiekzioak eskaintzen ditu, hirian zehar ibilbide artistiko bat eginez. Argia da obretako protagonista nagusia, baina badira mugimenduz, musikaz eta abarrez hornitutako konposizioak ere.

Umbra Light  jaialdiaren hirugarren edizioa 2023ko otsailaren 9tik 11ra egingo da, Enpatia lelopean. Jaialdia Gasteizko erdigune historikoan izango da eta baita beste eremu esanguratsu batzuetan ere, hainbat ibilbidetan egituratuz. Hala, Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuz, jaialdia hego-mendebalderantz zabalduko da, Prado parkerantz; mendebalderantz, Europa Kongresu Jauregirantz eta, ekialderantz, Santa Barbara plazaraino.

Halaber, barnealdeko espazio berrietan ere izango dira instalazioak, hala nola Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan edota Europa Jauregian. Gainera, barnealdeko beste leku batzuk berreskuratuko dira, esaterako, Santa Maria katedraleko kripta edota Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegia.

Jaialdiko instalazioak bihar, ostiralean, eta larunbatean egongo dira bisitagai 19:00etatik 22:00etara bitartean eta ordutegi bereziak egongo dira ondorengo jardueretarako:

Andre Maria Zuriaren plazan dagoen 00 instalazioa. Musikarien eta perkusioaren performancea. Ordutegi hauetan orduro egingo dute hogei minutuko ikuskizuna: 19:30etik 19:50era / 20:30etik 20:50era / 21:30etik 21:50era / 22:30etik 22:50era

Vital Fundazioaren erakusketa-zentroa. Irekita egongo da ostiral goizean, larunbatean 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 22:00etara, eta igandean 10:00etatik 14:00etara. Gainera, aurtengo edizioko berritasun gisa, gune horretako hiru instalazioez gozatzeko aukera egongo da otsailaren 26ra arte ohiko ordutegian.

Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian dagoen instalazioa bisitatzeko ordutegia, berriz, 17:00etatik 22:00etara arte luzatuko da ostiralean eta larunbatean.

Santa Maria katedraleko kripta. Katedralaren instalazioa bisitatzeko ordutegia 17:00etatik 22:00etara arte luzatuko da ostiralean eta larunbatean.

Europa Kongresu Jauregiko instalazioa jendearentzat zabalik egongo da ostegunean, ostiralean eta larunbatean, 19:00etatik 23:00etara arte.

Amaitzeko, kalejira Gasteizko kaleetan zehar ibiliko da 19:00etatik 23:00ak arte.

Zabaldu: