(argazkia: Tolosako Udala)

Bihar emango diote hasiera Tolofolk jaialdiaren bigarren edizioari Tolosan

Iaz egindako apustua berretsiz, herriko plaza eta eremu ezberdinak hartuko ditu beste behin ere jaialdiak, Tolosa girotzeko xedearekin, kulturari eta kultura herrikoiari dagokion espazioa eta oihartzuna emateko.

Tolofolk jaialdiaren bigarren edizioa egingo da Tolosan, apirilaren 20tik 24ra bitartean. Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak adierazi duenez, “Tolofolk tolosarron agendan hitzordu garrantzitsua bilakatu da dagoeneko. Folk musikari ikusgarritasuna emateko, herria biziberritzeko eta herriko kultur eskaintza osatu eta indartzeko helburuarekin sortu zen jaialdia iaz, pandemia garaian bete betean, baina denboran irauteko helburuarekin. Tolosa kulturalaren aldarrian, iaz egindako apustua berretsiz, herriko plaza eta eremu ezberdinak hartuko ditu beste behin jaialdiak, Tolosa girotzeko xedearekin, kulturari eta kultura herrikoiari dagokion espazioa eta oihartzuna emateko. Iazko arrakasta ikusita ziur naiz aurtengoan ere guztiok gozatuko dugula antolatutako egitarauarekin”.

Era berean, JeaJeaka kultur elkarteko kideak gustura agertu dira aurtengo egitarauarekin: “Oso pozik gaude aurtengo ediziorako osatu dugun egitarauarekin. Euskal Herriko zein nazioarteko artistak izango dira bertan: Tolosaldeatik hasi eta Mongoliaraino, tartean Kuba edota Kataluniako musikariekin. Eta noski, taula gainean entzun ahal izango ditugu baita ere Gipuzkoa, Bizkaia, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko hainbat talde” azaldu dute.

Topic museoko kontzertuarekin emango diote hasiera jaialdiari, “oso berezia izango dela uste dugu. Abraham Cupeiro instrumentu-egilea da eta denborarekin galdu diren instrumentuak berreskuratzen ditu doinu berriak sortzeko. Margarida Mariño biolontxelo jotzailearekin eta Sabela Caamaño akordeoilariarekin arituko da, luxua izango da”, adierazi dute antolatzaileek.

Ostegunean, berriz, Caroline Phillips eta Mixel Ducau Lapurdiko bikote ezaguna Plaza Berrian arituko da. Hurrengo egunean, saio bikoitza izango da: Xabi Aburruzaga Bandek kontzertua eskainiko du Leidor antzokian, eta ondoren folk kubatarra izango da entzungai Frontonen. Larunbat goizean Kalepoza izango da Tolosako kaleetan: Asturiasko gaiteroak, Kataluniako grallerrak, Tolosaldeko txistulariak eta dultzaineroak eta Udaberriko fanfarrea, besteak beste.

Arratsaldean, berriz, saio bikoitza izango da Euskal Herria Plazan: Yesun Erdene Mongoliako musikari, kantu-irakasle eta bakarlaria igoko da taula gainera, eta ondoren Iraide Ansorena tolosarraren Khami folk taldeak kontzertua eskainiko du.

Amaitzeko, igande arratsaldean iparraldeko folka izango da Plaza Berrian: Jean Mixel Bedaxagar eta Mixel Etxekopar artista Zuberotarrek eta Xendarineko ahizpa kantariek agertokia partekatuko dute.

Sarrera gehienak doan

Topic museoko eta Leidorreko emanaldiak izan ezik, gainerako guztiak doakoak eta irekiak izango dira herritar guztientzat. Topiceko emanaldirako sarrerak museoko webgunean bertan eskuratu ahal izango dira, Leidorrekoak aldiz, kutxabank-en. Emanaldien aurretik ere sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira.

Zabaldu: