(argazkia: Bilboko Konpartsak)

Bilboko Aratusteak eta Farolin eta Zaranbolas pertsonaiak aurkeztu dituzte

Jai Batzorde Mistoak publiko guztientzako 50 bat ekitaldi prestatu ditu, “asperdurak lekurik izan ez dezan”.

Jai Batzordeko presidente Itziar Urtasun zinegotziak eta Bilboko Konpartsen ordezkari Ioritz Varonak egin duten aurkezpenean adierazi dutenez, “badira bi urte Bilbok azken aldiz inauteriak ospatu zituela. Aratusteak izan ziren, hain zuzen ere, gure hirian normaltasunez ospatu ziren azken jaiak. Pandemiak eragotzi digu denbora honetan beste ezer ospatzea, baina, dagoeneko, normaltasuna berreskuratzeko bideari ekiteko garaia heldu da”. Varonak gehitu duenez “gogotsu gaude berriro ospakizunei ekiteko. Egunotan lurra esnatzeko keinuak egiten zituzten gure arbasoek: Santa Agedako makil kolpeak eta joaldunen joare hotsak ate-joka dagoen Eguberriaren seinale ziren. Guk ere esnatu nahi dugu Bilbotarrok denbora luzeegian lozorroan izan dugun jai-espiritua, eta horretarako prestatu dugu Aratusteetako egitarau hau”.

Izan ere, Txikitik handira da Jai Batzorde Mistoak aukeratutako gaia eta gai hori hartuta mozorrotzeko deia egin dute. “Azken urte biotan gauza txikiak handi bihurtu direlako guretzat, faltan izan ditugunak eta itxialdia gozarazi digutenak: gazte garaiko marrazki bizidunetatik mahai-jokoetara, indoor kirolak, etxeko sukaldaritza”.

Aste honetan bertan hasiko dira egitarauko ekitaldiak, Kafe Antzokian izango den kopla txikien lehiaketarekin. Igandean, berriz, pontxe eta torrada lehiaketa izango da Plaza Barrian. Izen-ematea Bilboko Konpartsen webgunean egin beharko da.

Datorren asteko ostegun arratsaldean musika kalejira egingo da eta ostiralean Farolin eta Zaranbolas pertsonaien atxiloketa eta epaiketa helduko dira. Ondoren, Aratuste Zapatua izango da, “egunik potoloena” antolatzaileen arabera: merkatua, kaleko musika, kontzertuak, eta mozorro-kalejira izango dira, Aurten Kale Nagusian norabidea aldatuko du kalejirak, Foru Jauregitik Areatzarantz abiatuta.

Aratuste Zapatuko mozorro lehiaketan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago, online, hilaren 19ra arte, baina kalejiraren egunean bertan izena eman ahal izango da, Portuko Markesaren kalean jarriko duten mahaian, 16:00etatik 16:30era.

Egitaraua eta baita lehiaketa guztietarako izen-emateetarako informazioa ere gaurtik aurrera egongo da eskura bilbokokonpartsak.eus webgunean.

Igandean Gaztedi dantza taldeak Zuberoako Maskarada ekarriko du, astelehenean udal bandaren txanda izango da, Txirri Mirri eta Txiribiton eta Bataklan kabaretarekin.

Asteartean, amaitzeko, Bilboko Udal Txistulari Bandaren kontzertua izango da eguerdian eta, iluntzean, ohi bezala, sardinaren erreketarekin bukatuko dira Aratusteak.

Farolin eta Zaranbolas

Aurtengo Farolin eta Zaranbolas, Bilboko Aratusteetako pertsonaiak, ere aurkeztu dituzte. Ibon Koteron musikaria eta filosofia irakaslea Farolin izango da, eta Gemma Martinez aktorea Zaranbolas.

Zabaldu: