Kukai taldeko Jon Maya dantzaria eta Andres Marin flamenko-dantzaria dira Euskal Herrian urtarrilean estreinatuko den lan honen sortzaile eta interpreteak. Bilboko aretoak sustatutako hirugarren ekoizpena da, kasu honetan, Sevillako Flamenkoaren Bienalarekin lankidetzan.
Bilboko BKK aretoak gaur goizean aurkeztu du datorren urterako bere ekoizpen eszeniko berria, Gorka Martinez Salcedo BBK-ko zuzendari nagusiaren eskutik. Lehenik antzerki-obra bat sustatu zuen (Yerma, 2021) eta, ondoren, opera-lan bat (Borderland, 2022). Datorren 2023. urterako, dantzaren aldeko apustua egin nahi izan du eta Yarin ikuskizuna Bilboko Kale Nagusiko aretoan estreinatuko da urtarrilaren 14 eta 15ean. Sarrerak gaur jarriko dira salgai.
Ikuskizun berrian, euskal dantza eta flamenkoa uztartuko dituzte. Bi diziplinetako bi izen handik sortu eta egin dituzte koreografiak, eta beraiek izango dira interpreteak: Jon Maya (Errenteria, 1977) Kukai Dantza konpainiako dantzaria eta zuzendaria eta Andres Marin (Sevilla, 1969), flamenko-dantzaria. Gainera, Mayak berak prentsaurrekoan aurreratu duen moduan, agertokian Julen Achiaryren (ahotsa eta perkusioa) zuzeneko musika izango da, eta koreografietan Sharon Fridmanen laguntza izan dute.
Yarin izenak bi sortzaileen abizenak batzen ditu, eta turkieraz “bihar” esan nahi du. Jatorria Mayak eta Marinek duten elkarrenganako miresmenean dago. Hainbat aldiz elkartu ondoren, elkarlanean aritzeko apustua egin zuten. Sorkuntza garaikidean jarduten ohituak daude, baina beraien kulturen erroetatik abiatuta, euskalduna eta andaluziarra. Kasu honetan, biek komunean dituzten elementuak elkarrekin bilatzea izan da haien xedea. Hala, Yarin obrak “oso errotuta dauden eta oso bizirik jarraitzen duten” bi tradizioren arteko zubiak eraikitzen ditu, eta elkarren artean “solastu, ulertu eta konektatu” egiten dira. Eszenatokian, dantzariek beraien nortasunari eutsiz egiten dute dantza, baina modu natural eta zintzoan komunikatu eta elkar eragiten dute, klixeetatik eta estereotipoetatik urrunduz. “Flamenkoaren eta euskal dantzaren arteko topaketa” horrekin, Maya eta Marinen asmoa da “kultura eta herri desberdinak elkarrekin bizi, ulertu eta beraien desberdintasunak errespetatuko dituzten etorkizuna” irudikatzea.Datorren urtarrilean Bilbon estreinatuko da Yarin eta, hala, bere hirugarren muntaketaren ekoizpen-prozesua amaituko du BBK aretoak, kasu honetan, Sevillako Flamenkoaren Bienalarekin lankidetza. Gero, obrarekin bira egingo dute dantzariek eta dagoeneko badituzte egunak finkatuta baita Kolonbian ere. Hala, BBK aretoa Bilboko arte eszenikoak erakusteko zentro handien gisan ez ezik, kalitatearen, tokiko talentuaren eta berdintasunaren alde egiten duen sorkuntza-espazio independente gisa ere berretsi da.