Industrializazioaren hondoratzearen aztarnak eta Babcock Wilcox enpresaren hondakinen artean topatutako azken modelo industrialen berrerabilpenetik sortutako eskultura bilduma bat jasotzen du erakusketak.
Bilboko Euskal Museoak Azken alabak izeneko erakusketa berria paratu du, Babcock Wilcox bizkaitar enpresaren azken industria aztarnak aurkezteko. Alberto Salcedo artista plastikoa eta ikertzailea izan da material horiek berrinterpretatzeko eta artearen zerbitzura jartzeko arduradura hartu duena, lantegi hauetatik atera ziren azken industria piezak erakutsiko dituen erakusketa sortzeko.
Bizkaiak industria ondare oparoa du, eta erakusketak ikusleek artearen bidez, berrinterpretatutako altxor artistiko hau gertutik ezagutu dezaten balioko du.
Erakusketak industrializazioaren hondoratzearen aztarnak eta enpresa honen hondakinen artean topatutako azken modelo industrialen berrerabilpenetik sortutako eskultura bilduma bat erakusten ditu aldi berean.
Bilboko museoan ikusgai daude, besteak beste: Babcock Wilcoxen azken modelo industrialak, fabrikako hondakinen artean topatutako enpresaren dokumentazio ugari eta enpresak fabrikatu zituen industria piezak berrinterpretatzen dituzten 27 eskulturen bilduma egiteko erabilitako material artistikoa.
Gainera, hiru pantailaz osatutako ikus-entzunezko instalazio bat egongo da ikusgai. Pantaila horietan, aldi berean ikusiko dira hondakinen artean topatutako enpresa iragartzeko spot bat; artistak fabrikara egindako bisiten irudiak, aireko irudiak.
Babcock Wilcox Galindon (Bizkaia) sortu zen 1918an, eta 2011ko irailaren 30an itxi zituen ateak, ekipamenduko ondasunen sektorean ia mende batez aritu ondoren. Industriagune hau 5.250 langile izatera heldu zen, eta tailerretan lokomotor eta kamioiez gain, galdarak, turbinak edo balbulak ere eraiki ziren.
Orain, Salcedo Euskal Museora heldu da, ikuspegi artistiko pertsonal batekin, industria ondare horretan iraun duen zatia erakusteko.
Erakusketa 2020ko urtarrilaren 5era arte bisitatu ahal izango da.